Urmuga. IRITZIA

Neandertal

Felipe Uriarte mendizale eta Urmugako antolatzailea, trikuharri baten erdian. URMUGA.
Felipe Uriarte
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Asko dira urmugan dauden trikuharriak. Ugari Burunda aldeko mendietako pagadietan. Gehienak narrastasun handian daude. Asko sasiak janda, ikusi ere ez direla egiten. Eta badirudi bost axola zaigula. Gaur egungo presarekin, haien ingurutik igaro, eta inork ez die begirada bat ere botatzen. Bizikletan, lasterrean edo oinez, erreparatu ere ez diegu egiten. Ez du batere laguntzen egoera penagarri horretan egoteak, ikusi ere ez baitira egiten.

Pitxotzar trikuharria Ultzamako basoetan dago; bide nagusitik, bidezidor batek eramaten gaitu haraino. Nahiko txukuna dago, goiko harlauza oso era onean, orekan ipinia azpian zutik dauden beste harlauzetan. Barneko ganbara, logela edo hilobia, garbia, orbelez osatutako zoruarekin. Ezin tentaldiari muzin egin, eta barruan sartu naiz, orbeletan arrastaka. Gora begira etzanik gelditu naiz. Fresko dago. Begiak itxirik. Zabaldu, eta ohartu naiz pago lerdenen goiko adarrek aterpea osatzen diotela trikuharriari.

Arrastaka berriro, atera naiz, eta oraindik lurrean jaiki nahian nabilela, bota diet lagunei: «Hemen neandertala, berpiztua». «Neandertala, baina kultua», arrapostu adiskideak.

Lortu dut zutik ipintzea. Inguruko baso ederrera begiratu dugu. «Uste duzu neandertalak ezjakinak zirela?». Eztabaida interesgarria piztu da gure artean. Ez gara gai inguruan dauzkagun zera guztiotatik bata besteengandik bereizteko, pagoak eta haritzak ez badira. Eta neandertalak? Ziur aski, zuhaitz, landare eta belar guztientzat bazuten izena eta erabilgarritasuna. Basoari begira ezjakinak sentitu gara, ezin bereizi aurrean dugun aniztasuna.

Belaterako bidean, bidaiakide batek argitu digu neandertalena duela 40.000 urteko espezie bat izan zela; trikuharriak, berriz, duela 4.500 urtekoak direla, besterik ez.

Horretan ere ezjakinak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.