Felipe Uriarte
Urmuga. IRITZIA

Auxtiarmin

2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Altube mendateko trafikoaren zarata gibelean utzita, basoan murgildu gara. Ilun argitu da goiza. Atzoko bustialdiaren ondoren oinetakoak oraindik bustiak, nahigabeak zeharkatu ditu gure bihotz txikiak. Basoan sartu, eta bere edertasunak harrapatu gaitu. Altubeko pagadia. Laino itxipean. Pagadi ederra izanik, lainopean are ederragoa. Dagoeneko ez gaituzte kezkatzen oin bustiek. Pago dantzari artean goaz, isiltasunean, dena isilik dago, txoriek ere txioak isildu dituzte. Altube pagadia, eta Gorbeia mendiaren inguruan zabaltzen direnak badira zerbait. Baina, Euskal Herriaren lurraldean kokaturik, pinudi eta laster eukaliptoek askoz hektarea gehiago betetzen dute. Hemen, Altubeko pagadian, oinak bustita, ibilera lasaian, hirugarren ordurako odola gorputzean gora eta behera dabilela, eta horri esker pentsamendu piztuak, ohartzen zara nolako kudeaketa makurra garatu den Euskal Herriko EAEn. EAEkoei tokatu zaigun planeta txoko txiki honetan neurrigabeko kaltea egin diogu naturaren biodibertsitateari. Datozen pandemia eta birusak biodibertsitatearen galerarekin estu lotuta daude. Planetaren puska honetan gu bizi gara, baina ez gara lurralde hauetako jabeak. Lur planetaren biztanle guztiona da. Guri, aberatsak, ikasitakoak, nonbait kultura handikoak, dagokigu planetaren puska ñimiño hau zaintzea. Eta haren biodibertsitatea zaintzea.

Pagadi zabala atzean utzita, aspaldiko partez, laino itxia ere han behean utzi dugu. Oderiaga gailurretik inguruko mendi maldak begi bistan dugu: pagadia pinudiz inguraturik.

Iparkortagailurretik ihes egin dugu, haizea eta hotza. Beherago, ondo jantzita, mokadu koxkor bat egin dugu. Arrautza egosi bat partekatu dugu mendikideak eta biok. Berak, gorringoa jan ondoren, zuringoa luzatu dit, irribarre atsekabetu batez. Aldamin mendiaren pean gelditu garen tokian, oso ederra; Auxtiarmin esaten diote.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.