Felipe Uriarte
Urmuga. IRITZIA

Makaiztegi

2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Zefek pauso bizian eraman gaitu aldapa gora, Makaiztegi baserritik Urkiolara doan antzinako bidetik. Haren parean, ezin bere abiadurari jarraitu, galdera bota dit: «Zu beti mendian, ezta?». «Bai, gizona, betidanik». «Noiz hasi zinen, zergatik?». Galdera bikoitzari ez diot lehenengo kolpean antzik eman, baina, aldapa gogortu dela eta, ikusita abiadura ez duela jaitsi baizik eta bizkortu, ulertu dut bera egurrean aritzea. Arnasestuka ikusi nahi du betiko mendizalea. Eta lortu. Herenegun, Makaiztegi baserrira heldu ginenean, berandu, Altubetik Barazarreraino 11 orduko ibilaldia osatu ondoren, familia osoa gure zain genuen. Gainean pilatutako nekea, azken hiru egunetako oinetakoen hezetasuna, familia osoaren harrera... Hunkitu egin gintuen. Atzo, ibilaldiari ekin aurretik, baserri aurrean dagoen baratzera eraman, eta sanjoan sagarrak eskaini zizkigun. Makatzondo aurrean —entzun gabe nuen kontua—, kontatu zigun Errekondo jaunak nola arantzak makatzekin txertatu zituen, eta arantzek, horrela txertaturik, makatzak ematen zituztela. Jakoba, horretaz zerbait kontatu beharko diguzu zure hurrengo irratsaio batean, otoi. Zefek erakutsi digu non hartu Zeanuri eta beste herritik Urkiolarako bide zaharra. Aldaparen gogortasunak behera ez zuela egiten, ezta Zeferen abiadurak ere, kontatu digu nola zen inguru hau guztia duela 60 urte. Aritzak, pagoak, urkiak, bertako zuhaitzak, eta lursail irekiak; han eta hemen ira asko, baita ere. Guztia garbi-garbia zegoen. Hori kontatu zigunean, sastrakaz zikindutako eukaliptoen eta pinuen ondotik ari ginen aldapa gora. Ira, garoa, asko zegoenez, moztu, metak egin, eta subastak egiten ziren. Egun, mendi hauek erdi hilik daude. Zefe pertsona alaia eta zintzoa da. Betikoa izanik, etorkizunari begira dagoena. Gure gizartearekiko, naturarekin egiten ari den hanka sartzearekin kritiko zorrotza. Hemen, Makaiztegi baserrian, Dima aldean, zati bat landetxe gisa garaturik, zoriontasunaren uharte ñimiño bat eraiki du, aterpe paregabea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.