Felipe Uriarte
Urmuga. IRITZIA

Bideak

2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Bideak lerro perfektua margotzen zuen. Aurrean zihoazen lagunen soslaiak zeruko laino zurian marrazten ziren. Mendiaren ertzak zuzen egiten zuen gailurrera. Zenbat bide egin ditugu mendizaleok? Zenbat bide gordetzen dugu gure baitan? Batzuk, atzokoak bezala, gure mendietakoak. Urrunekoak beste asko.

1969tik Cervino ipar hormako korridorearen zeharkaldia ezin gogotik urrundu. Ertzean bibak egin ondoren, egunsentian gurutzatu genuen, eguzkiak goialdeko elurra urtzerakoan askatuko zuen harrien beldurrez. Zehaztasun handiz emandako pauso txikiz igaro genuen, banan-banan, ibai hormatua.

Oinarrizko kanpalekutik abiatu ginenetik, Angelek eta biok Hillaryren koska irudikatzen genuen, Txomolungmaren gailurrerako atea. Maila hura eskalatzen ikusten genuen geure burua, laguna sokaz babesten, zailtasunak neurtzen, baldintzei erreparatzen. Ez genuen aukerarik izan koska ezagutzeko. Gure baitan bizi da oraindik bide liluragarri hura.

Bost bibak egin ondoren, eta Bagirathi III gailurrean orbangabeko zeru urdinpean Itoizko urtegiaren aurkako ikurrinarekin argazki ederrak egin ondoren, zeharkaldi gaizto batek eraman gintuen mendiaren beste isurialdera jaisteko lehenengo rapelera. Txingu Arrieta eta Pablo Aldaiaren abaroan burututako igoeraren ondoren, tentuz igaro genuen bailarara eramango gintuen bide hauskor hura.

Ang Phurbak eta Kikok arretatsu jarraitzen zituzten nire mugimenduak egunsentian, Koskulak mendiaren 7.000 metroetan. 100 metroko desnibela genuen ertzeraino. Ertzak gailurrerako bide garbia eskaintzen zuen. Bidea babesteko materialik ezean, ez ginen ertzera heldu.

Marinel zaharraren eskuak nola, horrela dugu mendizaleok bihotza orbanez goldaturik. Egindako bideen oroiminez, egin ez dugun bideen liluramenduaz zizelkaturik.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.