Felipe Uriarte
Urmuga. IRITZIA

Pago zaharra

2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Anboto, Izpizte eta Orixol zeharkatu ondoren, San Kristobal baselizara heldu, eta freskuran hartu genuen abaroa. Indarberrituak, Krutzeta mendatera heldu ginen, Otxandio eta Aramaio arteko mugara. 2020ko uztailak 18. 2020ko Urmugakoa. Bero lazgarria. Taldearen atzetik nengoen, poliki. Bizkarrean motxila, eta nekea. Nahi baino urte gehiago. Han nengoen, Jarindo bidean. Han, eta beste nonbait. Nonbait hartan nengoela, burua altxatu, eta aurrean ikusi nuen. Patxada ederrean. Isilik, dotore. Poliki hurbildu nintzaion. «Arrasti on, zer moduz?». Denbora asko igaro zen erantzuna jaso arte. «Ondo». «Zenbat urte duzu?». «Asko», berak. «Zenbat dira asko, 100 urte?». «Gehiago, ez dut oroitzen». «200 urte?». «Zerbait gehiago». «Eta osasuna?». «Orain udan ondo; ikusi behar neguan». Isilik gelditu ginen. Ohartu nintzen loak hartu zuela. Poliki alde egin nuen. Aurreko udaberrian, Aramaioko lagunekin, Pago Zaharra bisitatzera joan ginen. Bazterrak txukundu, pinu batzuk kendu, bizitza erosoago izan zezan. Larunbatean, Pago Zaharraren aurrean, Aramaioko Udalak antolatuta ekimen txukuna egin genuen. Txalapartariak, abesbatza, Eñaut Zubizarreta txelo jolea, bertsolariak. Urmugatik aldarrikatu nahi genuen Euskal Herriko EAE zati honetan beste basogintza bat behar dugula. Pinu eta eukalipto beharrean, pago, haritz eta urkietara itzuli behar garela. Eta horrela ez bada, agian egokiena izango zen gizarteari keinu indartsu eta ausart bat zuzentzea. Eta hona hemen, atrebentzia ez bada, Eusko Legebiltzarrarentzako proposamena, nire irudiz lerro zuzenean Basque District of Culture and Creativityk etorkizunari begira proposatzen duenarekin. Betiko Gernikako arbola sakratuaren ordez: zuhaitz lerden, gazte bat, zerurantz joko duena, haizearen eraginez grazia handiz kulunkatuko dena, eta mugimendu horretan doinu paregabea sortuko duena bere hosto usaintsuak dantzatzean. Hau da, Gernikako haritz zaharraren ordez, eukalipto eder bat ipintzea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.