Felipe Uriarte
Urmuga. IRITZIA

Lehen pausoa

2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Lehen pausoa. Laino beltzek zerua estaltzen dute. Badugu kezkarik. Uda nahasia dator, bero lazgarritik, eurira eta hotzera di-da batean igarotzen da. Ez zaio egonkortzeko asmorik antzematen. 380 kilometro ditugu aurrean hurrengo 19 egunetan. Bidaia luzea eta interesgarria dugu aurrean, eguraldiarekin jolasean.

Otoitz egiten genuen, gure Itakara bidaia bidea luze izan zedin, menturaz betea, ezagutzaz betea. Baina atzo, zeru lainotuari begira, bidaia luzeegia ez ote den izango beldur gara. Baina lasai, bihotz beldurtia, tamalez motza izango da. Zer dira ba 19 egun? Ziztu bizian igaroko dira.

Sei ordu behar izan genituen, atzo, Gorobelmendilerroa zeharkatu ahal izateko. Lainoa, euria, haizea, eguzkia, urdinguneak, hotza. Naturak bere aurpegi guztiak oparitu zizkigun, eta ez ginen apenas busti. Ondoren, Urduñako Jasokunde Andramari elizako arkupeetan, Donostiako Orfeoia, Mixel Etxekopar, Francçois Roussé eta Noemi Viana dantzariak kontzertu hunkigarria eskaini ziguten. Dena ederra, paregabea, gertatu zaigu lehen pausoan.

Arratsaldean, Mendeika herri txukunean, Tologorri gailur harroaren itzalpean, aurrean orri zuria. Orri zuri beldurgarria. Lehenengo hitza orri zurian. Sakontasun neurrigabeko amildegia. Hanka sartzeko zulo ilunak. Orriaren glaziar zurian pitzadurak nonahi. Nola nabigatu itsas makur horretan iparorratzik gabe? Zeharkatzeko gai ez zaren zailtasun horietan ez dago rappela egiterik. Badira horrelako zuloetan rappel egiteko gai direnak, baina horretarako teknika menperatu behar, idazlea izan. Horiek bai bidaia luzeak, idazleenak, orri zurietan zehar, hitzak lotuz, istorio eder bat kontatuz. Nekez beteak, zalantzaz lepo, ideiak ihesi. Urmugak bidaia eder bat eskainiko digu bere geografian zehar, basamortuak diren orri zuriak barne. Agian hemeretzi egun hauen ondoren ulertuko dugu zer esan nahi duen Urmugak, gure Itakak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.