Felipe Uriarte
Urmuga. IRITZIA

Zoriontasuna

2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Luigi Anselmi poeta bizkaitarrak irla ñimiño bat bezala irudikatzen du zoriontasuna. Bakan batzuk iristen dira haren kostaldeko hondartzetara, eta gutxi horietatik askoz gutxiagok lortuko dute bertan inoiz nahi beste denbora geratzea. Bart, afalostean horretaz jardun genuen urmugalari taldetxo batek, Mendeika uharte txikian, Tologorripean. Goizeko 07:30ean, Urduña mendateko bidean, Mendeika kale bakarrean, emakume bat ikusi dugu paseoan, bera bakarrik, lur sail eder berde artean. «Florenzia da», esan digu Julenek,» 90 urte, ibiltzea gustatzen zaio; emakume oso jatorra». Aurrerago, dagoeneko errepidean, pagadi txiki baten ertzean behi eta txahalak etzanda ikusi ditugu. «Horiek beren uhartea aurkitu dute», bota du Mikelek. Furgonetaren leihotik denok animaliei begiratu gelditu gara, errebueltan furgonetaren norabidea aldatzearekin batera ikusezinak egin zaizkigun arte. Irudikatu ditugu behiak eta txahalak beren uharte ñimiñoan. Urduña bortuan lainoak ondo bustitzen du. Arango mendi parera iritsi orduko, oinetakoak busti-bustiak ditugu. Ingurua laua da, hemen sortzen da Nerbioi ibaia, Delika esaten dioten urj auzi ikusgarrian. Baina gaur ez dago ikusgai, gaur laino itxiak Delikako hutsune guztia betetzen du. Dagoeneko oinak blai ditugu. Laino-bidea basoaren barnera doa, bueltaka; zuhaitzek ametsetan dirudite. Nahiz eta Urmuga ez den bere gailurretik igarotzen, gustua dugu Alto del Corral 842 metroko muinora igotzea, bista ederrak eskaintzen baititu, Antoñana eta Untza herrienak. Gujuli gibelean utzita, pinudi batean irekitako suaren aurkako zabalgunean, belarra luze-luze dago, belaunetik gora, eta oso bustita goaz. Altube mendatean Mikel txoferrak irribarre batekin hartu gaitu. Berehala erantzi ditugu oinetakoak. Une horretantxe aurkitu dugu gure uharte ñimiñoa, oinak lehortzen jarri ditugunean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.