Felipe Uriarte
Urmuga. IRITZIA

Maxe

2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Ibilaldia osatu ondoren, plazer handiz entzun genuen Alos Quartetek Urbian eman zuen kontzertua. Xabier Zeberio eta kideak indar handiz aritu ziren. Zeru urdinean, azalore erraldoien antzeko itxura zuten kumuluak bidaia lasaian igarotzen ziren urmugaren gainetik. Alostarren musika, belarditik gora egin, eta hodeien bidaiara lotzen zen. Txundituta jaitsi ginen Arantzazura. Gozo hartu gintuen Goiko Bentara zuzenean eramaten duen bidezidorrak. Maxe neskatila, 16 urte, irribarrea ezpain-ertzean beti, hurbildu zitzaidan, eta galdera egin zidan: «Felipe, zer da denbora?». Begiratu nion, zain nuen haren irribarre gardena. Egia erantzun nion: «Jakingo banu, Maxe!». Isilik jarraitu genuen ibiltzen, bat bestearen parean. Bere irribarrearen fereka igarri nuen. «Ez dizut esango zer den denbora, baina, nire bizitzaren aldapa honetan, denboraren bi ezaugarriei erreparatu diet. Gazte denboran, zure kasuan orain, Maxe, denbora zerbait infinitua da. Badirudi ez dela sekulan bukatuko, zure orainetik etorkizunera denbora tarte infinitua duzula, eta tarte amaiezin horrek mundu misteriotsu eta erakargarriak dituela zurentzat gordeak. Beste ezaugarria, norberaren unearen arabera sentitzen dugula denbora: zerbait plastikoa edo biguna. Badira garaiak non, astebetek astebete irauten duen. Badira aroak, non astebetek astebete baino gutxiago irauten duen. Neguan asteak askoz luzeagoak dira, astia duzu gauzak lasai egiteko; astelehenetik asteazkenera, hiru egun dira hiru egun osoak. Udan, astea astelehenean hasten da, baina konturatu orduko ostegunean zaude». Gure berbaldian murgildurik, Goiko Bentara heldu ginen. Zain genuen euskal sagardo freskoa. Lehenbiziko sagardo zurrutaren txinpartan, begira nuen Maxeren irribarrearen burbuilak sumatu nuen.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.