BAKARRIZKETA

Fotolitografiaren monopolioari, kolpea

ASML enpresako langile bat, txipak egiteko makina batean. ASML.
inaut matauko rada
2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
1. ASML Herbehereetako enpresak 2022. urteari buruzko txostenean adierazi du Txinan langile ohi batek informazioa lapurtu duela. Zer dio enpresak? Txostenaren Zibersegurtasun atalean adierazi du enpresak intzidentzia, xehetasun handirik eman gabe. Diote orain langile ohia den txinatar batek «patentatutako teknologiari buruzko datuak» baimenik gabe hartu dituela.

2. Zer egin du ASMLk horren aurka? Enpresak uste du langile ohiak ez duela informazio garrantzitsua bereganatu. Hala ere, esportazioen kontrolerako araudia urratu dela uste dute, eta gehitu dute kasua konpetentzia duen agintaritzaren eskuetan jarri dutela.

3. Larritzeko moduko lapurreta bat al da? Lehenik eta behin, enpresaren segurtasunean zuloak daudela erakutsi du gertakariak. Bestalde, Mendebaldearen arerioa, Txina, indartzeko balio dezake industria espioitza kasu horrek.

4. Hain garrantzitsua al da ASML? Mikrotxipen munduko merkatuan hil ala biziko zereginadu ASMLk. Punta-puntako txipak egiteko beharrezkoa den tresneria egiten duen enpresa bakarra da munduan; fotolitografia makinak dira garrantzitsuenak. Haiekin, hiru nanometroko transistoreak egitea lortzen dute, superkonputaziorako erabiltzen diren txipentzat beharrezkoak. Herbehereetako enpresa baliotsuena da ASML —247.800 milioi dolar, Forbesen arabera—, eta iaz 21.200 milioi euroren salmentak izan zituen.

5. Zer nahi zuen lapurrak? Zaila da jakitea, baina garbi dagoena da punta-puntako mikrotxipak egiteko beharrezkoak diren tresnak fabrikatzen dituzten bakarrak direla herbeheretarrak; hau da, monopolioa dute.

6. Eros ditzatela, bada, makinak! Ez da hain erraza. AEBek mikrotxip aurreratuenen merkatutik kanpo utzi nahi dute Txina, eta txipak eta horiek egiteko makineria munduko fabrikara esportatzea debekatu du; ez soilik tokiko enpresei, baita AEBetako teknologia erabiltzen duten beste herrialdeetako enpresei ere. Egun, gero eta txip gehiago behar dira, eta merkatu horren abangoardian ere egon nahi du Txinak; izan ere, Hego Korearen eta Taiwanen nahiko atzetik dabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.