Letizia Borghesik irabazi du Giroko etapa, ihesaldia helmugaraino eramanda

Tropelaren ehiza saiakerak ez du arrakastarik izan, baina Niewiadomak lehen postuari eutsi dio. Gaur, azkenean, ez dute igoko Gavia

Letizia Borghesik irabazi du Giroko etapa, ihesaldia helmugaraino eramanda.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Italiako Giroan ez da ohikoa ihesaldiak helmugaraino iristea, baina Letizia Borghesik (Aromitalia) ohiko gidoia hautsi zuen atzo Carate Brianzan, eta laugarren etapa irabazi zuen. Herenegun gertatu bezala, gainera, ez zuen irabazi helmugan besoa altxatu zuenak. Nadia Quagliottok (Ale Cipollini) pedalkada bat galdu zuen besoa altxatzen, eta Borghesik helmuga marraren gainean pasatu zuen. Hirugarren Chiara Perini (Bepink) izan zen, beste iheslaria. Tropela 42 segundora helmugaratu zen, eta Kasia Niewiadomak (Canyon) jarraitzen du lider.

Giroan, normalean, tropeleko izen handiek ez dute errukirik izaten loria bilatzaileekin, baina atzo Borghesik, Quagliottok (Ale Cipollini) eta Perinik (Bepink) botariko hordagoa irabazi zuten. Helmugarako 25 kilometro falta zirenean bost minuturen aldea zuten, eta tropelak kale egin zuen bere kalkuluan. Ziztu bizian murriztu zuten aldea, baina ez guztia. Marianne Vos (CCC) izan zen bizkorrena tropeleko esprintean.

Borghesik 20 urte baino ez ditu eta lehen garaipena du profesionaletan. Eguneko irudia bitxia utzi zuen, helmugan argazkiak eskatu baitzizkien, Vos, Niewiadoma eta Anemiek Van Vleuten (Mitchelton) bere idoloei.

Gaur mendiko lehen etapa handia jokatuko dute Ponte in Valtellina eta Lago di Cancanoren artean (88 kilometro). Etapa gogorra izango da, baina ez hasiera batean diseinatu zutenaren adina. Izan ere, Passo Gavia kendu behar izan dute bidea arriskutsu dagoelako. Haren ordez Torri di Fraele (1.938 m.) jarri dute: 7,3 kilometro eta %8,3ko pendiza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.