Masume eta Hasan. Afganistango migratzaileak

«Ez daukagu beste aukerarik: muga gurutzatu behar dugu»

Kroaziarekin muga egiten duen Bosanska Bojna herrian, hutsik daude etxe ugari gerraz geroztik. Horietan bizi dira orain Masume eta Hasan euren familiekin, Europako muga noiz zeharkatuko zain.

Banok eta Alik 3 urteko ume bat dute; Masume, berriz, 18 urteko semearekin iritsi zen, eta Hasanek eta Zahrak 8 eta 10 urteko bi alaba dituzte. I. A.
Iñaki Agirre Perez.
Bosanska Bojna
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Hiru familia dira, baina Bosnian elkartu zirenetik bakarra izango balira bezala bizi dira. Afganistangoak dira, eta denek jatorrizko herrialdeko indarkeriatik ihes egin behar izan zuten duela bi urte baino gehiago. Orain Bosanska Bojna herriko etxebizitza abandonatu batean bizi dira guztiak, Kroaziako mugatik kilometro eskasera, eta hemen daramatzaten hiru hilabeteetan dagoeneko hamalau aldiz egin dute basoan zehar Europako Batasunera gurutzatzeko saiakera. Kroaziako Poliziak guztietan harrapatu eta itzularazi ditu, ordea, baita jo ere.

Askotan ahalegindu zarete muga gurutzatzen, eta, hala ere, jarraitzeko asmoa duzue.

MASUME: Bai, noski. Bidea gauez egiten dugu, basoan zehar eta argirik gabe, inork ikus ez gaitzan. Eta hor topatu dezakegunaren beldur gara, inguruan polizia ugari dabiltzalako.

HASAN: Egoera zailean gaude, baina gure egoera aurretik ere oso zaila zen. Ez daukagu beste aukerarik. Leku seguru batera iritsi nahi dugu, eta hor asiloa eskatu. Horregatik gurutzatzen dugu Kroaziara.

Aurreko saiakeretan, Kroaziako Poliziarekin topo egin duzuenean, asiloa eskatu izan duzue?

H: Bai, baina ez gaituzte entzun nahi. Beti istorio berdina da. Sakelakoak eta dirua kentzen dizkigute, eta jipoitu egiten gaituzte, eta gero Bosniara ekartzen gaituzte bueltan. Baina, agian, hemendik bost edo hamar kilometrora uzten gaituzte, eta etxera oinez itzuli behar izaten dugu.

M: Eta haurrak ere jo izan dituzte. Ezerk ez die axola.

H: Duela aste batzuk Aliri burua ireki zioten makilakada batez. Makila luze batekin jo zuten, eta konortea galdu zuen, eta hiru egun pasa zituen koman Velika Kladusako ospitalean.

M: Nik diabetesa daukat, eta behin azukre beheraldi bat izan nuen mugako polizia gurekin zegoen bitartean. Ez ziguten kasu egin nahi izan, eta senideek sorbaldan ekarri behar izan ninduten mugaren beste aldetik hona. Ez die inporta zer gertatzen zaigun. Alde egiteko esaten digute, hemen traba egiten dugulako. Baina zer egin dezakegu? Ez daukagu beste aukerarik, muga gurutzatu behar dugu.

Zergatik erabaki zenuten Afganistandik ihes egitea?

H: Afganistan gerran dago, eta bonbak etengabe lehertzen dira hirietan. Horregatik egin behar izan genuen ihes. Nire gurasoak ere galdu nituen han; ez dakit zer gertatu zen haiekin.

Eta zergatik ez geratu beste herriren batean?

H: Iranen edo Turkian bizitzea ez delako erraza afganiarra zarenean. Oztopo ugari jartzen dizkigute, eta Grezian ere ezin izan ginen geratu, asilo eskaera ukatu zigutelako.

Zer eskatzen diozue etorkizunari?

M: Estres handia daramagu gorputzean, eta hori ez da desagertuko behingoz leku seguru batera iristen garen arte. Gure bidea jarraitu behar dugu, Kroazia gurutzatuz, eta agian Alemaniara joanez. Edo beste herrialde batera, ez du axola. Baina ezin dugu denbora askoz gehiago itxaron, gure seme-alaben etorkizuna jokoan dagoelako. Eskolara joan behar dute, bestela ez direlako bizitza hobe bat izateko gai izango.

H: Gizakiak bezala bizi nahi dugu, eta ez animaliak bezala. Alemaniako eta Europako herrialdeetako jendeak bezala bizi nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.