Annemiek van Vleutenek erakustaldia eman du, eta erdi erabakita utzi du Giroa

Bakarrik helmugaratu da Lago di Cancanon, eta ia hiru minuturen aldea lortu du beste faboritoekiko. Gaur aldea handitu dezake erlojupekoan

Annemiek van Vleutenek erakustaldia eman du, eta erdi erabakita utzi du Giroa.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Txirrindularizaleek kostata ahaztuko dute Annemiek van Vleutenek (Mitchelton) atzo Italiako Giroan emaniko ikuskizuna. Garaipenerako faborito handietako bat da, eta oroimenean gordetzeko moduko igoera egin zuen Torri di Fraelen (7,3 km eta %8,3). Behetik erasoa jo, eta bakarrik pasatu zuen tontorra. Ziztu bizian egin zituen gero helmugara arteko bi kilometroak, eta 2.57ko tartea irekitzea lortu zuen beste faboritoen multzoarekiko. Herbeheretarra da lider berria, eta 2,16ren aldea du Ktarzina Niewiadomarekiko (Canyon), eta 3.05ekoa Asleigh Moolman Pasiorekiko (CCC). Lider berriak erdi erabakita utzi zuen Giroa. Izan ere, munduko erlojupeko txapelduna da, eta gaur hamabi kilometroko bakarkako jarduna du, ondo bidean tartea are gehiago handitzeko.

Van Vleutenek ez zuen ondo hasi Giroa. Taldekako erlojupekoan 53 segundoren aldea galdu zuen. Uste baino gehiago zen, eta oldarkor jokatzera behartuta zegoen. Atzo zuen min egiteko lehen aukera handia, eta, antolatzailek Passo Gavia ez igotzea erabaki arren, Torri di Fraelen ere badago non min egin. Lehen aldapetan jo zuen erasoa, eta eguneko iheslariak pasatu ondoren bakarkako bide ikusgarria egin zuen. Atzean, Anna van der Breggen (Boels-Dolmans), Lucinda Brand (Sunweb), Amanda Spratt (Mitchelton-Scott) eta Erica Magnaldi (Rotor) haren bila irten ziren, baina ezinezkoa zen. Nabarmentzekoa, bestalde, Ane Santestebanen (Rotor) eta Eider Merinoren (Movistar) lana. Sailkapen nagusiko lehen hamabosten artean daude biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.