Zenbait ziurgabetasun eta omenaldi dudagabe bat

Paco Letamendia ' Ortzi'
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
   Pribilegiatua naizen aldetik, onartzen baitut halaxe naizela, pribilegiatuak garela irakasle erretiratuen diru sarrera finkoak ditugunok eta etxetik egiteko moduko lan errutina bat dugunok, bada, bihotz barrenean sartuta dauzkat oraintxe, aitor dut, beren maite kutunak galtzen ari direnak, azkeneko orduan lagun egin ezinik; bihotz barrenean, halaber, lan aldetik etorkizuna beltz-beltza ikusten duten langileak, beltza luze gabe eta beltza luzera begira; baita halako mina eta halako ziurgabetasuna sufritu beharra daukatenak ere. Hau guztia pasatzen denean, pasatuko baita, mundua bestelakoa izango da, lehengoa ez bezalakoa. Baina hobea izango da, ala okerragoa? Egia esateko, ez dakit. Orain, protagonistak osasun arloko langileak dira, garbitzaileak, txalo jotzera ateratzen direnak (garenok), gizakiak batzen dituen elkartasunaren beroan. Lortuko ote dugu ezer ere, ordea?
   Pentsatu nahi dut egunotako elkartasun oinarrizkoa eremu politikora iritsiko dela nolabait; hobeto ezagutuko dugula natura, eta, hala, ez dugula segituko naturari erasoka, eta erantzunak prest edukiko ditugula naturatik erasoak iristen zaizkigunerako, orain iritsi zaigun moduan; lehentasuna emango zaiela aberastasuna sortzen duten langileen biziari eta ongizateari, lehentasuna emango zaiela langile horien produktuak hartzen dituzten gizakiei, eta ez aberastasunari berari. Baina ez zait ahaztu 2009ko krisi handiak finantza kapitala gizendu besterik ez zuela egin, hots, krisiaren eragile eta erruduna gizendu zuela.
   Eta ez dut zalantzan jartzen besteak, betikoak, beren planak prestatzen ariko direla, lan indarraren galtze momentuko hau betikotu nahian, botere politiko lehen baino are estatalizatuago, zentralizatuago eta irmoago baten ardatz bihurtu nahian birusaren kontra (ustez, edo baita egiatan ere) laguntzen ari diren batzuk: segurtasun indarrak. Espero izatekoa da elkartasunaren kontrako erreakzioak piztea: erraza izango da jende xehea mobilizaraztea betiko «izurritsuen» kontra, hots, sozialen kontra, nazionalen kontra («beste nazioetakoak»), boterearen mende ez dauden intelektualen kontra, birusaren (birus moral baten) eramaile balira bezala, nahiz eta gailendua egon oraingo birusa, egiatakoa.
   Azkenik, konfinamendua beharrezkoa da, eta pentsatzen laguntzen digu, baina esperimentu gisa ere erabilia izan daiteke, ikusteko nola apalaraz daitekeen gizadia, tribu moduko talde multzo bihurtuta, bata bestetik urrun, eta, hala, nola desegin daitekeen joan deneko 30 urteko globalizazio kapitalista, eta nola ordezkatu elkartasunik gabeko desglobalizazio kapitalista batekin, oraingo honetan beheko batzuen babes eta guzti.
   Datozkigun arrisku horien kontra lumaz borrokatzen den jendea beharko da; horregatik sumatuko dugu hainbeste zure falta, Antonio Alvarez Solis, On Antonio, eta zure lumarena, beti zutik botereen aurka On Kixoterena bezala, baina zuk ondotxo zenekien borrokatzen zenituen errotak ez zirela haizezkoak. Gozatu ederra izan da zure prosa irakurtzea, hain pipertsua, bidean handik eta hemendik erreferentziak biltzen dituen elipse bat bezain sotila, eta, aldi berean, gure herrian lantzen diren altzairuzko xaflak bezain irmoa eta sendoa.
   Horregatik guztiagatik, omen egin nahi dizut, esker onez. Mila esker, Antonio Alvarez Solis, On Antonio.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.