Europa, erraldoiei aurre egiten

EBk merkataritza elektronikoko lehia askea oztopatzen duten Internet atariak zigortu ahalko ditu

Margrethe Vestager eta Thierry Breton komisarioak, arauen berri emateko antolaturiko agerraldian, atzo Bruselan. O. M / EFE.
Irune Lasa - Imanol Magro Eizmendi
2020ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
«Arau hau ez da inoren aurkakoa. Guztiz kontrakoa, demokraziaren eta lehia justuaren aldekoa baizik, hiritarren babeserako». Thierry Breton Barne merkatuko komisarioak esaldi horrekin azaldu zuen atzo Europako Batzordeak Internet enpresa erraldoiei jo dien hordagoa. Google, Amazon, Facebook eta antzeko atarien jarduna arautu nahi du, haiek merkatuan duten «kontrol egoera» murriztu eta lehia orekatzeko. Horretarako, bi lege proposamen eratu ditu: Zerbitzu Digitalen Araua (ZDA) eta Merkatu Digitalen Araua (MDA). Onartuz gero, batzordeak enpresei isunak jartzeko ahalmena izango du, eta, muturrera iritsiko balitz, enpresak zatitzera behartu ditzake.

Urtebete da Europako Batzordeak merkataritza elektronikoari buruzko arauak eguneratzea erabaki zuela. Aurrekoak 2000. urtekoak ziren, eta zaharkituegiak zeuden erraldoi elektronikoen jarduna kontrolatzeko. Bretonek eta Margrethe Vestager Lehia komisarioak zuzendu dute 3.000 iritzitik gora bildu dituen legegile taldea. Azken hori ezaguna da azken urteetan teknologikoei ezarri izan dizkien isunengatik. Urrunago joan gabe, 2016 eta 2019 artean 8.257 milioi eurora arteko isunak ezarri zizkion Googleri.

Europako Batzordeak bere neurrira diseinaturiko bi erreminta dira ZDA eta MDA, eta 27 herrialdeetan izango dute eragina. Semaforo batekin alderatu zituen Vestagerrek: «Europan mundu guztiak daki zer ezin daitekeen egin gorri dagoenean». MDAk enpresen estruktura arautzen du: tamaina eta hari esker ezarritako kontrola. ZDAk, berriz, jarduna, eta zabal dezaketen informazioa. Arauek, orain, Europako Parlamentuaren eta Europar Kontseiluaren galbahea pasa behar dute.

Arauen berri ematean Vestagerrek azaldu zuen merkatu elektronikoan enpresa erraldoiak daudela, eta bere tamainari esker informazio fluxua ere kontrolatzen dutela. Legeak «atezain» bezala definitzen ditu, «zein pasatzen den eta zein ez erabakitzen dutelako». 45 milioi erabiltzailetik gora dituzten atariak dira atezainak, eta «rol kritiko bat jokatzen dute enpresa txikiago eta bezeroen artean».

Enpresa txikiago horiek, askotan, atezainen lehiakide dira, baina ez dute maila berean lehiatzen, atari handiek informazio askoz gehiago duelako. Beharrezko bitartekari izateak abantaila handia ematen die. Horri aurre egiteko, MDAk informazio bilketa oztopatzeko neurriak ezar ditzake; esaterako, aplikazio jakin bat onartzeko obligazioa legez kanpokotzat jotzea. Atezainek, halaber, enpresa bat erosten badute, batzordeari jakinarazi beharko diote, eta ordezkari bat izan beharko dute Europan. Gehienak AEBetakoak dira, eta Europako egoitza Irlandan izan ohi dute.

ZDAk, berriz, atarietako informazioa kontrolatuko du. Esaterako, legez kanpoko osagaiak ezabatzera behartuko ditu, hirugarren batek eskegiak izanda ere. Era berean, algoritmoekin gardenagoak izatera behartuko ditu. Algoritmo horiek funtsezkoak dira erabiltzaileei publizitate eskaintza pertsonalizatuak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.