Bizi izandakoaz eskertuta doa

Sandra Ramajo Realeko kapitain izandakoak erretiroa hartzea erabaki du. Azken denboraldi honetan Albaceten jokatu du

Sandra Ramajo, Zubietan, Realeko jokalari zen garaian. JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Realaren azken titulua altxatu zuen jokalariak, Sandra Ramajok (Irun, Gipuzkoa, 1987), erretiroa hartzea erabaki du. Hala iragarri zuen atzo bere Instagrameko kontuan. Ramajok aurreko sasoian utzi zuen Reala, eta zale txuri-urdinek ez dute haren irudia ahaztuko, Granadan, Espainiako Kopa jasotzen. Azken denboraldian Albaceten aritu da, baina kito esan du. «306 partidaren ondoren, nire bizitzako urterik onenak alde batera uztea erabaki dut, antzekoak izango diren beste batzuen bila hasteko», idatzi zuen. Halaber, onartu zuen ez dela erraza izanerabakia hartzea. «Nik, gainera, ez ditut gustuko agurrak». Baina beharrezkoa iruditzen zitzaion urratsa egitea. «Beharbada gehien ezagutzen nautenek ez dute ulertuko zergatik ez dudan borrokatzen jarraitu nahi. Baina ulertuko dute hainbeste urteren ondoren nekatuta nagoela». Urte hauetan une «ahaztezinak» bizi izan dituela nabarmendu du. «Gogoan ditut bide honetan ezagutu ditudan pertsonak, lagundu nautenak eta, batez ere, etxekoak, tokatu zaienagatik».

Azken hiru urteetan, maiatzean, garai zailak bizi izan dituela onartu du. Izan ere, 2018ko maiatzean, ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen, Athleticen aurkako Espainiako Kopako partida batean. Zazpi hilabete behar izan zituen osatzeko. Iaz, berriz, Atletico Madrilen aurka Espainiako Kopa irabazi, eta Reala uztea erabaki zuen. Aurten, bestalde, erretiroaren erabakiaren berri eman du.

Lesioa bere kirol ibilbideko unerik gogorrenetako bat izan zen. Honela zuen gogoan. «Zailena eta luzeena ebakuntza egin arteko denbora izan zen. Ahalik eta azkarrena izatea nahi nuen, baina belaunak prest egon behar zuen ebakuntza ondo ateratzeko. Hori funtsezkoa izan zen gerora. Bestalde, etxean eman nituen lehen egunak ere nahikoa astunak izan ziren, ezin bainintzen etxetik atera».

Itzuli zenean apenas jokatu zuen, eta iazko maiatzean beste bi mugarri bizi izan zituen; batetik, maiatzaren 3an, denboraldi amaieran Reala utziko zuela iragarri zuen —11 denboraldi egin zituen talde txuri-urdinean, eta 282 partida jokatu—. Handik astebetera Espainiako Kopa irabazi zuen, Granadan, Atletico Madrilen aurka (2-1). Kapitaina izanik, berak altxatu zuen titulua. Duela egun batzuk honela gogoratu zuen balentria hura. «Nire bizitzako taldeaz horrela agurtzea izugarria izan zen. Egun haietan bizi izandakoa beti eramango dute barruan».

Titulua ospatzen ari zirela, ordea, ordea, zorabio bat izan zuen, eta ospitaleratu egin behar izan zuten. Handik egun batzuetara, BERRIARI emandako elkarrizketa batean jakinarazi zuen denboraldi «polita bezain gogorra» izan zela. «Lesioa, osatzeko prozesu luzea, ez jokatzea, kapitain gisa kanpotik gehiago lagundu nahi izatea, etxean izandako hainbat gorabehera... Izorratua nengoen, baina ez nuen antsietaterik, eta egoera kontrolatzen nuen. Azkenean, ordea, guztia kanpora atera da».

Distantzia hartzeko beharra zuen. «Gorputzak eta kirolak esan didate lasaiago hartu behar ditudala gauzak. Abisu bat eman didate, eta patxada eta arnasa hartu behar ditut. Batez ere esan didate laguntza eskatu behar dudala. Izan ere, benetan behar izan dudanean ez dut eskatu. Nahiago izan dut garai zailei neure kabuz heldu». Horregatik erabaki zuen Albaceterekin fitxatzea. Eskertuta doa. «Futbolak asko eman dit pertsona moduan. Ez naiz bizi izandako ezertaz damutzen. Garrantzitsuena ez da irabaztea edo galtzea, disfrutatzea baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.