Andreen arrastoa aplikazio batean

Emariak proiektuan erreferentziazko emakumeak landu dituzte Kalaka kooperatiban. Liburua eta karta jokoa autoekoitzi zituzten lehendabizi, Emariapp aplikazioa orain.

BERRIA.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Astean bost emakume identifikatzeko aplikazioa garatu du Kalaka kooperatibak: Emariapp. Ilazki Gainza eta Nerea Uria daude proiektuaren atzean. Astelehenetik ostiralera eguneko emakume bat argitaratzen da aplikazioan. Gainzak azaldu legez, aste osoa dago erantzuteko: «Astelehenean eginez gero, bat egiten duzu, adibidez. Gero, aste barruan jokoak aukera ematen du nahi bezala antolatzeko. Hau da, asteburuan egin nahi badituzu, aukera daukazu igandera arte aste guztiko bostak egiteko, eta puntuaziorik onena lortzeko».

Hilabeteko sailkapena hartzen da kontuan, jendeak lasai har dezan, estresik gabe eta beharrik gabe. Gainza: «Atzetik dabilenari aukera eskaini diogu hilabetea gorago bukatzeko».

Aplikazioa zenbait eskolatara iritsi da. Uriak dio «gabezia» bat estaltzeko balio dezakeela: «Erreferentziazko emakume asko ez datoz testu liburuetan. Laurdena izan ohi dira. Horri buelta bat emateko, bederen, irakasleek Emariapp-en bidez kolektiboki ikasten badute, behintzat adierazi ahalko dituzte haien ekarpenak eta izen-abizenak. Irakasle batzuek esan digute klase orduetan ikasleekin ari direla sakelakoa pantailan erakutsiz».

Minutu eta erdi dago erantzun ahal izateko, eta bost pista irakur daitezke andre bakoitzeko. Jokatu botoiari emanez, lehenengo pista agertuko da; azkarrago joan nahi izatekotan, Pista berria botoia dago ezkerrean eta, Erantzun botoia eskuman. Lau emakumeren artean aukeratu behar da zein den egokia. Gainzak aipatu du erabilitako pistak eta denbora hartzen dituela aplikazioak kontuan: «Badago denbora nahikoa lasai irakurri eta erantzuteko, eta pistak ere nahiko argigarriak izaten dira normalean; gehienek argazki bat daukate kokatzen laguntzeko. Jokoa berez erraza da, ez dauka beste misteriorik».

Liburua, kartak eta 'app'-a

Zenbait atal dauzka aplikazioak, taldeak egiteko aukera du, sailkapen orokorra eta, Emariak atalean, norberaren partidak ikusteko aukera dago.

Informazioa atalean eskaini dute Gainzak eta Uriak emakumeak proposatzeko aukera: «Datu base bat osatu behar izan dugu jokoa egin ahal izateko. 250 emakume bildu ditugu. Erdiak baino gehiago euskaldunak dira; besteak, nazioartekoak. Arlo desberdinetakoak eta garai desberdinetakoak. Datu base hori osatuz joango gara, eta hori ariketa kolektiboan egin nahi dugu».

Aplikazioak hiru aste daramatza indarrean. Emariappeko emakumeen artean daude Maud Wagner zirkuko artista eta tatuatzailea, Katherine Hepburn aktore estatubatuarra, Nicolasa Pradera sukaldari markinarra, Carmen Baroja idazle iruindarra, Emily Murphy legelari kanadarra eta Bizenta Mogel idazle azkoitiarra. Aste hau Ruby Payne astronomo australiarrak itxi du.

Liburu batekin hasi zuten Emariak proiektua. Hamar emakumeren biografiak bildu zituzten, eta amaieran ariketa batzuk gehitu zituzten. Gerora etorri zen karta jokoa. Bi lanak autoekoitziak izan ziren, eta helburu zuten aplikazioa. Hiru proiektuekin nahi izan dituzte ezagutarazi erreferentziazko emakumeak. Gainzak azpimarratu du horren garrantzia: «Gure ibilbidean zehar ikusi dugu ez daukagula emakumeen inguruko ezagutzarik. Gizonezko ugari ezagutzen ditugu, baina emakumeak ez». Horrek dituen eraginak zerrendatu ditu, atzetik, Uriak: «Txikiak garenean, etorkizunera begira jartzen garenean, amesteko orduan ez baditugu emakumeak arlo desberdinetan, zaila egiten zaigu irudikatzea».

Kalaka kooperatibak bi ardatz ditu: komunikazioa eta berdintasuna. Bi arrazoi horien bueltan egituratu dituzte beren zerbitzuak. Horietako bat da diseinu grafikoa. Sentsibilizazio kanpainak egiten dituzte hainbat erakunderekin: zaintzaz edo egun konkretuetan sakonduz. Formakuntza jarraiak ere eskaintzen dituzte: hezkidetzari, berdintasunari, askapenari eta ipuin parekideei buruzkoak, komunikaziotik landuta.

Zabalpena izan dute egin dituzten lanek. Liburua norbanakoen etxeetara zein hainbat eskolatara bidali dute, eta hiri zein herrietako liburutegi publikoetatik ere eskatu diete. Karta jokoa ere zenbait euskaltegitan erabili dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.