Iluntasuna koloreztatzen

Ania Saenz de Buruaga eta Carolina Mattos ilustratzaileek horma irudiak egin dituzte Salburua gizarte etxean, hango komunetan agertu ziren pintaketa matxistei erantzuteko.

Iparralde gizarte etxeko erakusketako irudiak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Gasteiz
2023ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Giroa lasai dago Gasteizko Iparralde gizarte etxean. Jendea tantaka ari da sartu-irtenean. Korridore luze eta zabalean, isiltasuna da nagusi, patxada. Horren aurrean, paretek hitz egiten dute, badute zer esan. Hainbat argazki daude kokatuta eskuinaldeko horman, bata bestearen alboan. Mezu irmo batekin osatzen dute erakusketa: Erasorik ez erantzunik gabe: iluntasuna koloreztatzen. Emakumeak, aniztasuna, askotariko gorputzak, kolorea... Ania Saenz de Buruaga eta Carolina Mattos ilustratzaileek Salburua gizarte etxeko komunetan egindako horma irudiaren argazkiak dira, egitasmo baten kronika gisa; hain zuzen, Salburua giarte etxeko komunetan agertu ziren pintaketa matxistei erantzuteko asmoz egin zuten obra, erasoa salatzeko. Eta, orain, erakusketak egiten ari dira beste gizarte etxe batzuetan.

Baina... zer gertatu zen zehazki? Nondik dator iniziatiba? Iazko maiatzean hasi zen auzia: pintaketa matxistak eta faxistak agertu ziren gizarte etxeko kafetegiko gizonen komunetan: Stop Feminazis eta svastikak. Berehala margotu zituzten hormak, mezuok ezabatzeko, eta errespetua eskatuz kartelak ere jarri zituzten. Alferrik. Segidan etorri zen kolpea. Bi asteren buruan, berriro agertu ziren pintaketak: Feminismo garaikideak aurrez aurre jartzen gaitu [gazteleraz], eta svastika gehiago.

Erasoaren inguruan zer egin erabakitzeko elkartu ziren gizarte etxekoak, eta bestelako erantzun bat ematea adostu zuten. Hala, ilustratzaileekin harremanetan jarri, eta horma irudi bat egitea proposatu zieten. Saenz de Buruaga: «Erabaki zuten zerbait originalagoa edo potenteagoa egitea. Haietako hiru neskekin elkartu ginen, eta ikusi genuen ideia berbera genuela. Askatasun osoa eman ziguten, eta proposamenak lantzen hasi ginen. Ideia ederra iruditzen zait».

Zer-nola egin hausnartzean, zera erabaki zuten: marrazkian pintaketa matxistak ezabatzen ari direla irudikatzen saiatzea. Beraz, mezuak ez zituzten guztiz ezabatu, eta, hain zuzen, ilustrazioetan pintaketa horiek margoekin estaltzen ageri dira emakumeak. «Halakoen aurrean, esan genuen: ezin dugu marrazki normal bat egin».

«Komunitatea, dibertsitatea eta aniztasuna» aldarrikatu nahi izan dituzte: «Emakumea da inportanteena. Gainera, gure estiloak [bi ilustratzaileenak] ez dira berdinak, baina nahiko bateragarriak dira. Biok egiten ditugu pertsona moduko pertsonaiak».

Pintaketa matxisten inguruan ere hausnartu du Saenz de Buruagak: «Stop feminazis oso ohikoa da, eta esango nuke hedatuta dagoela. Baina El feminismo contemporáneo nos enfrenta [Feminismo garaikideak aurrez aurre jartzen gaitu]... Iruditzen zitzaigun mezu pentsatua zela». Ekinbidea erasoari emandako erantzun «irmoa» dela uste du.

Han-hemen

Otsailaren 20an jarri zuten erakusketa Iparralde gizarte etxean, eta martxoaren 10era arte egongo da ikusgai. Gero, beste hainbat tokitan ere ipiniko dute: Lakuako gizarte etxean, Aldabe gizarte etxean eta Abetxuku kiroldegian, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.