garbine ubeda goikoetxea
EGUZKI EPELEAN

Profeten profeta

2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Besaulkian jarrita nago, ehun kiloko markesa zapuztua bezala, telebistari begira, loak hartu nahi ez nauelako. Teleagintea hartu, pantailarantz apuntatu, eta kanala aldatzeko botoia sakatuz, tiro egin diot, tiro eta tiro eta tiro, halako batean burmuina anestesiatuko didan perla ehizatuko dudan itxaropenez. Merke-zurreko filmen bat nahi nuke, Steven Segal, Charles Bronson, Jean-Claude Van Damme edo gisako astapistolaren baten espektakulua —Espainiatik emititzen diren kateetan sarri errepikatuak—, entzefalograma plano-planoan utz diezadan eta Morfeoren altzora behingoz eraman nazan. Bihar biharkoak. Dzap eta dzap, hortaz. Dzap eta dzap, sendagilearen errezeta beharrik ez duen droga gogorraren bila.

Askatasuna da ordu txikiotan trabatuta naukana eta oherako bidea galarazten didana. Zehatzago esanda, askatasunaren kontzeptua eta berori edonork ulertzeko moduan ilustratuko lukeen ikonoa, iruditxo orokor bat sor dezadan eskatu didatelako, eta epea amaitzen ari zaidanez eta hasi ere egin ez naizenez, kakalarriak emanda nagoelako (lan kontuak, barka). Orain arte ezagutu ditudan ikonoak xehe-xehe errepasatzeak eta soluziobiderik ez aurkitzeak eraman nau egoera tamalgarri honetara. Izan ere, zein izan ote liteke kasu honetan, mila hitzek adina balioko lukeen imajina. Burdin-ziri apurtuena? Kartzelari eta presoei lotuegia. New Yorkeko estatua? Izenez Askatasunarena, baina izatez inperialismoarena. Motortzarra? Lehen born to be wild eta orain burrun eta ke, bazterrak kutsatu arte. Hegalak? Mistikoegia. Independentzia? Haurtzaroan, gure inozoan, ikurrina marraztuko genukeen pentsatu gabe, eta alboan banaketa administratiborik gabeko mapa bat, nazioa, zazpien batura. Askatasuna kolektiboa izango zen ala ez zen izango. Gaur, hori esan eta legaltasunaren mugetan ginateke...

...Eta hara hor, somniferoaren bila dzap eta dzap, eta telebistak—edo Daniel Landartek esan zuen moduan «profeten profetak»—Telecinco katearen iragarki baten bidez proposatzen didana: «Izan zuhurra, libre izateko», eta pantaila aldenik alde hartzen duela, musuko urdin bat, behin erabili eta errefusara doan horietakoa. Alajaina. Ba al da makurrago erortzerik?

Zuen iradokizunak behar nituzke. Mesedez, faborez, arren eta otoi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.