garbine ubeda goikoetxea
EGUZKI EPELEAN

Estatistikak

2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Uda bakana, besteak ez bezalakoa eta salbuespenekoa agindu ziguten izurritea kudeatzen ari diren agintariek, eta halakoxea ari da gertatzen, turismoak begiz jo izan dituen hainbat tokitan, bereziki. Udatiarren zerbitzura eta aisiaren mesedean bizi diren lurraldeetatik, hain zuzen, kexua eta negarra besterik ez da entzuten, lehen lepo betetzen zirenak gaur laurdenera ere iristen ez direlako, europar askok etortzeari utzi diotelako eta, ondorioz, soldatak ordaintzeko sosak nork ekarri ez daukatelako, mugak ixtearen beldur direlako, aforoak eta ordutegiak errespetatu behar horrek irabazpideak nabarmen murriztu dizkietelako, edota kaleetan apurka nagusitzen ari diren arau berriek —ezin da musukorik erantzi, ezin da erre, ezin da alkoholik edan (baina kurioski coca-cola bai), ezin da inor ukitu, ezin da talde handitan ibili— optimistena ere uxatzen dutelako.

Momentuz, apokalipsiaren erdian oasia dirudi Hendaiak, non etxe eta apartamentuen kopuru handi batek jabe udatiarra baituen, bertako nahiz inguruetako kanpinak euskaraz egingo dizuten dendariak baino hagitzez gehiago baitiren, eta izurriteak izurrite, den-dena baitagoen mukuru beteta, baita hotelik ziztrinena ere. Badiarako bidea hartzea edo hondartzara jotzea, denbora-makinan sartu eta urtebete atzera egitea bezalatsu da: eguzki-goseen inurritegia dirudi. Eta zer esan, Hendaiatik hasi eta Donibane Lohizunerainoko kontsumistak batzen dituen merkataritza guneaz. Agorrilak meridianoa igaroxea duen honetan, goizeko hamaikak aldera Leclerc ingurura joan nahi izateak, pazientzia kolokan jartzeko moduko lau gauza ditu ziurrak, erabat oskarbi ez bada behintzat. Batetik, errepideko motroiloa, autoak eta autoak eta autoak, denak jitoan, joan-etorri osoan. Bestetik, hipermerkatu barruko buxadura, barrikadak, apalategien artetik autotxokeetan bazina bezala tupustean pasa beharra. Hirugarrenik, ordainlekuetan sortzen diren ilarak, gomendatutako distantzia beteko balitz tokitaraino iritsiko liratekeenak. Eta laugarrenik, etxera heltzeko adorea ez dagoen tokitik atera beharra.

Seko harrituta naukate estatistikek. Profeta moralistenek bezala, gazte promiskuo, parrandazale, gautxori eta etxekalte guztiak bihurtzen ditu izurritearen errudun, inoiz ez gure kontsumismo neurrigabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.