Albistea entzun

Esku artean daukanari gogor heldu behar

Gaur hasiko da Baskoniaren azken esprinta Euroligako kanporaketetan sartzeko bidean. Nahiz eta sasoi hasieran helburutzat ez hartu, arabarrek eskura dute kanporaketetan aritzea, baina zenbait arlotan hobetu beharko dute horretarako.
Darius Thompson eta Yakuba Ouattara baloia heldu nahian.
Darius Thompson eta Yakuba Ouattara baloia heldu nahian. DAVID AGUILAR / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Mujika Telleria -

2023ko martxoak 23

Ezpatak airean dira Euroligan. Heldu da azken esprinta hemezortzi taldeentzat, eta Baskoniak lehiaketan jarraitzea dauka jokoan. Arabarrek ez zeukaten halako helbururik sasoi hasieran, baina lehen itzuli bikaina eginda, sailkapenaren talaian jarri ziren. Bigarren itzulian dena estutu da, baina Baskoniak bere esku dauka kanporaketetan sartzeko aukera, eta iritsi zaio bere izaera erakusteko garaia. Gaur izango du bost partidetan lehenengoa: Belgraden ariko dira, Dusko Ivanovicen eta Luca Vildozaren Izar Gorriaren aurka (18:45 DAZN).

Bost partidatan jokatuko du Baskoniak bere etorkizuna Euroligan. Sei talde daude hiru postutan sartzeko, eta lehia estua espero da aspaldiko Euroliga parekatuenean. Maccabi (16-13), Partizan (16-13), Zalgiris (15-14), Valentzia (14-15) eta Efes (14-15) izango dira Baskoniarekin (15-14) mokoka arituko diren taldeak. Puntuen aldea Belgradeko taldearekin soilik galdu dute gasteiztarrek. Hortaz, berdinduz gero, beste edozein talderen aurretik egongo dira.

Azken esprinterako, zaleak prest izango ditu tropelean morroi lanak egiteko. Bost partidetatik hiru (Alba Berlin, Fenerbahce eta Asvel) Buesa Arenan jokatuko ditu. Kirola ez da inoiz zehatza izaten, baina hemeretzi edo hemezortzi garaipen eskuratzen dituzten taldeek lortuko dute sailkapena. Helburu hori lortzeko, baina, gogor lan egin beharko du Baskoniak.

Euroligako erasorik onena izanda, zail da pentsatzen saskiari begira huts egingo dutenik. Orain arte ez da hori izan arazoa, eta seguruenik, gaurtik aurrera ere ez da izango. Defentsako lana izan da Baskoniaren ahulgunea orain arteko partidetan. Bi arlotan sufritu dute batez ere gasteiztarrek: blokeo zuzenaren defentsan eta defentsako errebotean. Lehen arlo horretan erakutsitako ahulguneez baliatzen ahalegindu dira zenbait talde, eta behin eta berriro zigortu dute. Askotariko defentsak planteatu ditu Peñarroyak: jokalarien arteko aldaketak, segika ibiltzea... eta ez da nahi bezalako emaitzarik lortzen ari.

Errebotearen zainketan ere asko sufritu du Baskoniak Euroligan. Bigarren eta hirugarren aukera askori bide eman dio partida bakoitzean, eta asko nabaritu da alor horretan garrantzitsuak diren jokalarien falta. Sasoi hasieran aipatu zen Baskoniaren piboten alde ona eta txarra. Asko eta erraz mugitzeko aukera daukate, baina hain handiak ez izateak asko zigortzen ditu saski azpian. Alor hori zaintzeak berebiziko garrantzia izango du, eta horretarako Rokas Giedraitis eta Tadas Sedekerskis jokalarien laguntza beharko du Baskoniak, besteak beste. Lehenengoa bikain ari da aurrean eta atzean, baina bigarrena min hartuta dago. Bi jokalari horiek ohi bezala badihardute defentsan, asko irabaziko du Peñarroyak.

Thompsonek dauka giltza

Udan lan handia izaten dute Alfredo Salazarrek, Felix Fernandezek eta haien lan taldeak, baina iazko udan bete-betean asmatu zuten. Euroligan esperientziarik ez zuten jokalariak fitxatu zituzten, baina denak aritu dira ondo gauza batean edo bestean. Maik Kotsar, Daulton Hommes eta Markus Howard asko nabarmendu dira, nahiz eta izan dituzten gorabeherak. Baina jokalari bat nabarmendu da besteen gainetik: Darius Thompson.

Tennesseeko antolatzailea Lokomotiv Kubanetik etorri zen udan, eta jokalari garrantzitsua izan zitekeen esperantza bazegoen ere, inor gutxik espero zuen hain ondo aritzea. Estatubatuarrak dauka taldearen aginte makila, eta Euroligako talderik indartsuenak atzetik ditu jada. Lehiaketan asistentzia gehien banatzen dituen jokalaria da (6,5 partidako) eta baloi gehien lapurtzen dituen bigarren jokalaria ere bai (1,6 partidako). Thompsonen ekarpena zabalagoa da, ordea. Batez beste 12 puntu sartzen ditu. Erasoan edozein zirrikitu baliatzen du taldearen jokoari irteera bat aurkitzeko, eta, harekin, taldea oldarkorragoa da defentsan. Antolatzailea kantxan ez dagoenean etortzen da astero taldearen gainbehera. Pierria Henry gabe, Max Heidegger eta Markus Howard dira Peñarroyaren baliabideak, baina trebeagoak dira puntuak sartzen puntuak sartzeko bide ematen baino. Hori izango da bost partida hauetan Peñarroyaren egitekoetako bat: Thompson ez dagoenean jokalari guztiek aurrerapauso bat ematea eta haren falta gehiegi ez nabaritzea.

Izar Gorria izango da lehen hartxintxarra oinpean, eta urrats handia emango luke Baskoniak Belgraden irabazita. Vildozak eta Facundo Campazzok beste joko bat eman diote Ivanovicen taldeari, baina ez da nahikoa izan Euroligako kanporaketetan sartzeko. Atzo egindako prentsaurrekoan, Peñarroyak argi utzi zuen partida «oso garrantzitsua» dela: «Neurketa horiek xehetasun txikiengatik erabakitzen dira. Partida kontrolatu behar dugu, eta gehien komeni zaigun erritmoan jokatu».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Manasluren gailurraldea, Jackson Groves australiarrak 2021eko udazkenean drone bidez ateratako argazkian. ©Jackson Groves

Hamalau zortzimilakoen historia ezbaian?

Ramon Olasagasti

Erberhard Jurgalski dokumentalistak eginiko ikerketa eta neurketa zehatzen arabera, orain arte hamalau zortzimilakoak igo dituzten mendizale gehienak ez ziren Manaslu, Annapurna eta Dhaulagiri mendien punturik altuenera igo. Hori dela eta, Reinhold Messner eta Edurne Pasaban kendu egin dituzte Guinness errekorren liburutik. Jerzy Kukuczka, Erhard Loretan, Gerlinde Kaltenbrunner, Juanito Oiarzabal eta Alberto Iñurrategi ere ez leudeke hamalauen zerrendan.

Markus Howard, aurreko Euroligan, Real Madrilen aurkako partidan. ©DAVID AGUILAR / EFE

Europako kantxak izarrez beteko dira

Pettan Uralde

NBAtik izar ugari joan dira Euroligako taldeetara, eta talde gehienak nabarmen indartu dira. Real Madril, Bartzelona, Panathinaikos eta halako erraldoien artean, Baskonia bere tokia egiten saiatuko da orain ere. Lehen partida ostiralean jokatuko du, eta azken garailea izango du aurkari, Real Madril.

 ©BERRIA

Energia ez zaio inoiz agortzen Salzburgori

Iñaki Berastegi

Realak Salzburgon jokatuko du gaur Txapeldunen Ligako multzoen faseko bigarren partida. Austriako taldeak presio aurreratuan eta oldarkorrean oinarritzen du bere jokatzeko modua.

 ©ALEX WROBLEWSKI / EFE

Rapinoek futbol profesionala utziko du datorren larunbatean

Iñigo Lasa

Megan Rapinoek futbol profesionala utziko du datorren larunbatean. Amerikarra emakumezkoen futbolaren ikur izan da bai zelai barruan, baita kanpoan ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.