Errautsetatik berpiztu den erreferentea

Baskonia Joventuten aurka arituko da ACB Ligako final-laurdenetan. Kataluniarrak urte gozoa bizitzen ari dira, 2018an desagertzear egon ostean. Gaur jokatuko dute lehen partida, Buesa Arenan.

JOVENTUT.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Gaur abiatuko da Baskoniaren bidaia ligako kanporaketetan (18:30, Movistar). Azken urteetan lan bikaina egin duen talde bat izango da lehen aurkaria: Joventut. Bi taldeek ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar. Ligako partidetan, Baskoniak mendean hartu zituen Badalonakoak, baina, Espainiako Kopako final-laurdenetan, Joventutek kaleratu zuen Baskonia. Gaur izango dute lehen lehia, Buesa Arenan, eta datorren asteartean bigarrena, Badalonako olinpiar pabiloian. Berriro piztu da saskibaloiaren sua Badalonan. Oso talde ausarta sortu du Carles Duranek, oinarria finkatuz eta jokalari erabakigarriak fitxatuz.

HARROBI AMAIGABEA
Ekosistema egokia

Ez da zaila Joventut definitzen duen hitz bat topatzea: harrobia. Atzean gelditu ziren urrezko urteak —lau Liga eta zortzi Kopa irabazi ditu—, eta, 2018an, Urrezko LEB ligara jaisteko gertu izan zen Penya. Ez hori bakarrik: kluba desagertzeko arriskuan egon zen. Orduan, baina, etxeko entrenatzaile batek hartu zuen ontziaren gidaritza, Carles Duranek, eta guztiz aldatu zen klubaren norabidea. Harrobia oinarri sendotzat hartu, eta beteranoak eta gazteak nahastu. Hori izan zen klubak hartutako norabide berria, eta ezin hobeto atera zitzaion. Azken urteetan Eurokopa irabazteko lehian izan dira, eta ACB ligako zortzi talderik onenen artean finkatu.

Margall, Villacampa, Jofresa anaiak, Rudy Fernandez eta Ricky Rubio erreferente izan ziren askorentzat. Baina, orain, Venturak, Parrak, Ribasek eta Vivesek daukate erantzukizun hori. Joventutek gaitasun handia dauka horretarako; Gazte mailetan erreferente bat da, eta jokalari horietako asko heltzen dira lehen taldean jokatzera —gaur egungo taldeko sei jokalari harrobian hezitakoak dira—. Jokalari gazteak prestatzeko gaitasuna ez ezik, haientzako ekosistemarik egokiena sortzeko trebetasuna ere badauka Penyak. Etxean hazitako beteranoez inguratzen dituzte gazteak, eta horrela sortzen dute taldearenganako maitasun sentimendua. Harrobia daukate oinarrian, eta kanpoko jokalariek jartzen diote ginga taldeari.

TOMIC, EZOHIKO PIBOTA
Rockero zaharraren beldur

Azken urteetan ACB ligako taula azpiak menderatu dituen jokalaria da Badalonako taldearen izarra: Ante Tomic. Dubrovnikeko pibotak urteak daramatza goi mailan, eta bere bigarren gaztaroa bizitzen ari da. Bartzelonatik alde egin zuenean, bazirudien atzerapauso bat eman behar zuela bere kirol ibilbidean, baina ez zen hala izan. 33 urterekin iritsi zen Badalonara, baina, hiru urteren ostean,Joventut lehiakorrago bihurtu da. Datuek argi erakusten dute. Ligan baloraziorik onena duten jokalarien artean bigarrena da Tomic (17,8), eta taldeak min handia egiten du saski azpian. Bi puntuko saskiratzeetan, ligako hirugarren talde onena da Joventut (21,76), eta errebote gehien harrapatzen dituena ere bai (38,2).

Jokalari berezia da kroaziarra. 2,16 metro luze izan arren, ez da betiko pibot handi eta baldarraren kanonetan sartzen. Bereziki teknikoa da. Pibot moderno bat, antolatzailea. Taldekideak une egokian ikusteko gaitasuna dauka, baina ez baloia noiz pasatu jakitekoa soilik. Zirujau baten zehaztasunarekin iritsi ohi dira haren paseak. Horrek bereizten du gainerako pibotengandik. Bestalde, saski azpian daukan mugimenduen bilduma ikustekoa da. Adinak birrinketetatik urrundu duen heinean, asko landu du alor teknikoa, eta, bizkarrez jokatzen duenean, asko erabiltzen ditu keinuak. Alde batera eta bestera egiten du izkin, gantxo batekin saskiratzea lortzeko. Carles Duranek zeharkako blokeoak kateatu ohi ditu Tomic saski azpian aurkitzeko. Hori defendatzeko, bi baten aurkako defentsa erabili zuen Peñarroyak; Kopan ez zitzaion ondo atera, baina emaitza hobeak lortu zituen hiru hilabete geroago, ligako partidan. Horretaz gain, blokeo zuzenean maisua da, eta hori izan da Baskoniaren defentsaren ahulgune nagusietako bat aurten.

VIVES ETA FELIZ GIDARI
Santua eta deabrua

Etxeko jokalarien alde egin du Carles Duranek antolatzaile posturako. Gaur egun, Guillem Vivesek eta Andres Felizek daukate orkestra zuzentzeko betebeharra. Badalonan haziak eta heziak dira biak, baina oso desberdinak. Vives da beteranoa, eta beteranoen rola betetzen du. Kontrola eta zuhurtzia ematen dizkio taldeari, eta blokeo zuzenen bitartez abiarazten du jokoa. Beste modu batera esateko, entrenatzailearen luzapena da kantxan. Taldea zuzentzeaz gain, defentsan ematen dio gehien Vivesek taldeari. Oso jokalari oldarkorra da buruz buruko defentsan, eta kataluniarren liderra da atzean.

Felizek, berriz, beste jokalari mota bat ordezkatzen du. Joventuten maskota deabru bat da, eta halakoxea da Feliz ere: deabru txiki bat. Oso jokalari bizkorra da, eta ziztu bizian abiatzen da saski batetik bestera. Elektrizitatea eta joko zoroa ematen dizkio Joventuti, eta oso konbinazio egokia da Vivesentzat. Buruz buruko jokoan erabakigarria da, eta beldurrik gabe egiten du kontrario garaiagoen aurka. Hala ere, defentsan Vivesek baino gehiago sufritzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.