Joxemari Sors.
IRITZIA

Durango: Kulturaren azoka nazionala

2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Euskal Kulturak eta, batez ere, euskal liburuen eta diskoen sektoreak birmoldaketa isil bat darama azken urte hauetan, eta, batik bat, 2008ko krisialditik aurrera. Ordutik hona, merkatuan %25eko galera izan du. Asko dira arrazoiak, liburu digitala, ikus-entzunezko plataformak, kontsumo aldaketak, testu liburuen doakotasuna, streaming-ak; paradigma aldaketa baten aurrean gaude. Zein bide hartuko duen etorkizunean inork ez dauka argi, eta aldaketak oso azkar gertatzen ari dira, erabakiak hartzeko ordua zailduz.

Hori dena gertatzen da, sorkuntzari begiratzen badiogu, behin baino sortzaile gehiago, eta onak, ditugunean, batez ere emakumeen sarrerarengatik.

Egoera honi beste aldagai bat erantsi behar diogu orain, COVID-19a. Egoera honen ondorio bezala aurreikusten dugu beste %20ko jaitsiera bat. Beraz, euskal liburu eta diskoen sektoreak ondorio txarrak pairatuko ditu aurten; zer esanik ez, hurrengo urtean ere: ez dira garai samurrak izango, ez baita aurreikusten egoera honen bukaera.

Edozein urte normaletan, Durangoko Azoka arnasbide izan da euskal argitaletxeentzako, handi edo txiki, batzuentzat gehiago eta besteentzat gutxiago, baina denentzako beharrezkoa. Tamainaren arabera, Durangoko Azokak eragingo ditu argitaletxe batzuen urteko %10 eta %25 arteko sarrerak. Ahantzi gabe norbanakoak; hauek autoedizioak egiten dituzte, azoka izanik beraien hil ala biziko diru sarrerak bermatzen dituena.

Utz dezagun arlo ekonomikoa, zentratu gaitezen arlo kulturalean. Durangoko Azoka sortu zenean, helburu argi batekin sortu zen: «Euskal kulturari ikusgarritasuna ematea eta debekatuta eta ezkutuan zegoen euskal kultura denen esku jartzea». Helburu horrek gaur egun ere balio du, zeren euskal liburu eta diskoen arazo handienetakoa ikusgarritasun falta baita; ikusten ez dena ez da existitzen. Kontuan hartu behar da euskal produkzioa 1.200 -1.400 titulukoa dela urtean; zer da hori gaztelerazko edo frantsesezko liburuekin alderatuta, bakoitzak urtero 80.000 titulu inguru ateratzen baditu? Gure kulturak, txikia izanik, beste bi hizkuntza erraldoien ondoan lehiatu behar du, desoreka handia dago haiekin konparatuz; medio idatziak eta ikus-entzunezkoak ere beraien eskuetan daudela kontuan hartu behar dugu.

Durangoko Azokak urtean behin ematen digu aukera euskal produkzio gehiena jendaurrean jartzeko, ikusgarritasuna emanaz. Hasieran, liburuak eta diskoak gizarteratu eta saltzeko azoka gisa abiatu zen, eta, urteak aurrera, eremua zabalduz joan da, liburuak, musika, antzerkia, zinema... euskal kulturaren topagune bihurtuz.

Egoerarengatik, aurten ez da standik jarriko, ez da posible izango modu presentzial batean egitea, baina azoka bai egingo da, Internet bidezko online azoka antolatuko baitu Gerediagak, euskal kulturak bere erakusleihoa gal ez dezan. Azoka birtual hori ohiko datetan egingo da, bost egunez, abenduaren 4tik 8ra.

Inorentzat ez da gozoa izango, ezingo da batetik bestera ibili liburuak eta diskoak ikusten, ukitzen, gozatzen eta erosten; ezingo da sortzaile kuttunekin egon, ezingo da antolatzen diren kultur ekitaldietan parte hartu, dela liburuen aurkezpenetan, musika emanaldietan, ipuin kontalariak entzun, antzerkiren bat ikusi, eta, batez ere, beste kulturgileekin harremanak izan, zeren Durangoko Azokaren plazak ikaragarrizko garrantzia du hartu-eman guzti horiek modu lasai batean baliatzeko.

Horren guztiaren galeraz jabetzen gara, baina garrantzitsua da, beste era batera bada ere, azoka egitea, hor gaudela esateko, euskal kultura hor dagoela; bestela, COVID-19agatik txanda pasa egiten badugu, gero berriz berreskuratzea ez da samurra izango. Jakitun gara emaitza ekonomikoak asko jaitsiko direla, baina, hala eta guztiz ere, gure kulturaren arduragatik, azoka egin behar dugu, online, Interneten bidez egin behar bada ere.

Aurtengo azoka hau aurrera eramateko, lan asko egin beharko da mezuak gizarteari helarazten, standak muntatzen gastatzen zen dirua mezuak eta informazioa helarazten gastatu beharko da, bai hedabide idatzietan, entzunezkoetan nola ikusizkoetan.

Jakinean gaude instituzioek ematen duten diru laguntza mantenduko dutela, eskertzekoa da. Nahiz eta azoka ez egin presentzialki, denon artean euskal kulturari zentralitatea ematen saiatu behar dugu, eta, nola ez, aurten, bigarren Euskaraldia egingo denean. Nola ulertu genezake hizkuntza bat sortzailerik gabe, kulturarik gabe.

Durangoko Azokak, Gerediagaren lanari esker, izugarrizko onarpena irabazia dauka gizartearen aurrean; Durangon elkartzen garen euskaltzaleok, edozein lekutatik etorrita, esan genezake: «Denak Durangora». Aurten ez da posible izango, baina posible dena da azoka Durangotik Euskal Herrira eramatea. Gerediagak kudeatu behar duen ekintza bat da, azoka bera kudeatzen duen moduan, harremanetan jarri herrietako liburu dendekin, bertan aurten aurkeztuko diren zenbait nobedade salgai jartzeko, liburu denda guztietan denei lekua egitea ezinezkoa izango bada ere. Ekimen hau aurrera begira eta egoera normaltzen denean ere mantentzea garrantzitsua izango litzake. Ekoizpenaren balore katean beharrezkoak gara denak, sortzaileak, argitaletxeak, banatzaileak, liburu dendak, bezeroak eta, nola ez, irakurleak. Denak eskutik hartuta egin behar dugu bidea.

Aurtengo egoera kontutan hartuta, zenbait liburu denda baliatu beharko lirateke aurkezpenak egiteko, beste modu batean bada ere, sortzaile eta hartzaileen arteko komunikazio zuzenari eusteko.

Baliatu nahi ditut lerro hauek euskal gizarteari mezu argi bat emateko: euskal kulturak zuen beharra du, orain arte bezala, horregatik beti zorretan egongo gara zuekin. Azokara hurbilduz eta disko edo liburuak erosiz, aurten, behin baino gehiago behar dugu denon laguntza, beraz horregatik eskatzen dizuegu kulturan gastatu behar baduzue, euskal kulturan gastatzeko, euskal kultura lehenesteko zuen erosketetan. Horrela, denon artean euskal kultura aurrera aterako dugu, gure engaiamendua baduzue.

Mila esker. Azoka birtualean edo herriko liburu denda batean ikusiko dugu elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.