Lursail berdea sabai izartsuari

Azkenaldian, gero eta jende gehiago joaten da mendira: bai eguna pasatzera, bai gaua han igarotzera. Lasaitasuna, natura eta askatasuna dituzte helburu. Aterpeetan ere mugimendua igarri dute.

Kanpin denda bat Goizueta inguruan (Nafarroa), ilunabarrean. LEIRE MUÑAGORRI.
Nagore Arin.
2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Esnatu, begiak ireki, eta egunsentia ikusi. Edo, begiak ireki, eta ondoren esnatu, eguzkiaren izpiak lo zakuan sartzearekin batera. Irudi sekuentzia hori izan da Leire Muñagorriren eguneroko gosaria zortzi egunez; izan ere, autoa trastez bete, eta txokoz txoko eta mendiz mendi ibili da. Goizuetan (Nafarroa) hasi zuen bidaia, eta Navarreteko parajeetan (Espainia) egin du azken parada. «Nahiko natural sortu da plana. Aspaldi da gogoa nuela kanpin denda hartu, mendira joan, eta alde batera eta bestera mugitzeko».

Lagun talde, familia eta norbanako askok egin dituzte antzeko planak: mendira joan, eta gaua pasatzera gelditu. Aizkorri inguruan (Gipuzkoa), adibidez, jende andana dabil. Irudipen hori du, behintzat, Gaizka de Miguel Aizkorri Bizirik elkarteko kideak: «Jende asko etorri da mendira, baita hemen gaua pasatzera ere. Aterperik baldin badago, gainera, joera dago han gaua pasatzeko. Mugimendu handia nabari da azkenaldian». Orain dela lau urte berritu zuten Aizkorriko aterpea: lagun talde bat elkartu zen, eta tokia moldatzeko beharra ikusi zuten. «Jendeak erabiltzen zuen, baina gutxi: zikina zegoen, eta ez zegoen han lo egiteko erraztasunik. Berritu genuenetik, berriz, jende gehiago dabil: asteburuero dago lagun talderen bat».

Muñagorriren eta De Miguelen iritziz, ez da kasualitatea plan mota horiek pandemiaren itzalean ugaritu izana. Beldurra izan daiteke, De Miguelen ustez, horren oinarrian egon daitezkeen faktoreetako bat: «Litekeena da jendea urrutira joateko beldurrez egotea. Beraz, gertuko mendiez gozatzeko hautua egin dute». Bat dator Muñagorri ere: «Aurtengo uda berezia izanik, ez genuen oso urrutira joan nahi. Hortaz, Euskal Herriko txoko ugari ezagutzeko baliatu dugu oporraldia».

Juan Manuel Serranok ere uste du mendian gero eta jende gehiago dabilela, baina ez du uste pandemiaren eragina soilik izan denik: «Azken urteetako moda edo tendentzia bat da». Tolosako (Gipuzkoa) Oargi mendi elkarteko lehendakaria da, eta, mendira joateko planak ugaritu diren arren, azaldu du elkarteekin ez dela hala gertatu: «Beldur handiagoa eman diezazuke elkartearekin joateak; izan ere, taldean joatea esan nahi du. Beraz, mendizale asko bere kontura joaten da».

Natura, bertatik bertara

Hiruren ustez, lasaitasunaren bila joan ohi da jendea mendira. Hala ere, beste hainbat faktore ere aipatu dituzte. Hona hemen Muñagorriren hiru gakoak: lasaitasuna, natura eta askatasuna. «Ibilbide jakin bat prestatuta egin dugu plana, baina inprobisazioari ere tartea utziz: nahi genuena egin dugu, leku jakin batean gelditzeko konpromisorik gabe. Azkenean, horrela joateak askatasuna ematen dizu inprobisatzeko».

Nafarroan egin du ibilbidearen zatirik handiena; izan ere, han dituzte «erraztasun handienak» kanpadendarekin edo lo zakuarekin gaua pasatzeko. Horrelako plan bat egiten duen lehen aldia da, eta esan du asko gozatu duela: «Naturaz inguraturik bizi gara herrian, baina ez da gauza bera egunsentia balkoitik ikustea edo kanpin dendatik irten eta bertatik bertara ikustea, naturaren eta animalien hotsez inguraturik».

De Miguelen esanetan, jendeari asko gustatzen zaio egunsentia eta ilunabarra ikustea: «Izugarri baloratzen dira eguzkia sartzen eta ateratzen diren momentuak; jendeak asko gozatzen du, eta horretara ere joaten dira». Hala ere, gertatzen dira ezustekoak: euri zaparrada bat, behe lainoa, ekaitza... Horrelako kasuetan, jendeak estimatu egiten du aterpe bat gertu izatea:«Edozer gauza pasatzen bada, han sartu eta babesteko aukera duzu. Finean, hori da aterpeen funtsezko lana».

Baliteke, ordea, mendira joan, eta eremu horretan aterperik ez egotea. Horregatik, komeni da jakitun egotea zer gerta daitekeen. Serranoren iritziz, eguraldi aldaketa da horietako bat: «Egia esan, hemen inguruan ez dut arrisku handirik ikusten mendian gaua igarotzeko. Baina mendira joaten direnei gomendatuko nieke kontuan hartzeko eguraldi aldaketaren faktore hori: inoiz ezin da jakin zer gertatuko den».

Ardura eta erantzukizuna

De Miguel mendizaleak Aterpe «libre» gisa definitu du Aizkorrin dagoena, «jaberik ez duelako». Edozein mendizale joan daiteke hara: bai egunez, bai gauez. Jende guztiarentzat zabalik egoteak, ordea, ez du esan nahi araurik bete behar ez denik. Bi aipatu ditu: ardura eta erantzukizuna. «Norberaren esku dago zentzuduna izan eta arduraz jokatzea. Lekua, gutxi gorabehera, hamabi lagunentzat da, baina badakigu jende gehiago ere izan dela lurrean lo egiten».

Gainera, bada koronabirusaren ondorioz pisua hartu duen beste faktore bat ere: garbitasuna. «Jende asko etortzen da aterpera, baina denek ez dute ingurumena zaintzeko mendizale kontzientzia hori. Guk sarritan garbitzen dugu, behar bezala utzi ez duen jendeari erakutsi, eta nola zaindu behar den ikas dezan».

Joera guztietan bezala, neurria hartzea da garrantzitsuena, eta, De Miguelen aburuz, kontuz ere ibili behar da, mendi inguruan ere jende ugari pilatzen ari delako: «Jende asko dagoela ikusten baduzu, kontuz ibili... Guk hor ezin dugu besterik egin; oso zaila da muga bat jartzea eta egoerari neurria hartzea». Hori dela eta, errespetuaz hitz egin du: «Mendira joatean ez duzu beldurrik izan behar... Errespetua, berriz, bai. Kontuz ibili behar da; edozer pasatu liteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.