Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Joni

2015eko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Kantu bat abesten den aldiro kantu ezberdina dela diote batzuek. Unearen baldintzek eraginda interpretatzaile bakoitzak ñabardura berriz janzten du jatorrizko abestia, amaierarik gabeko bilakaera bat eraginez. Hala uste dut nik ere, baina oraindik eta harago joango nintzateke, eta abesti bera entzuten dugun aldiro modu ezberdinez sumatzen dugula esango nuke. Kantu batzuk hazi, beste batzuk txikitu, baita argitu edo ilundu, harrotu edo leundu egiten zaizkigu entzunaldien poderioz.

Joan den azaroaren 7an nire urtebetetzea Joni Mitchellen egun berean zela jabetu, eta, poz handiz, bere musikak nigan izan duen eragin sakona gogoratu nuen. Aspaldi, The Banden The Last Waltz azken kontzertuko filmean ikusi eta entzun nuen Joni lehen aldiz. Baina Bob Dylan, Van Morrison eta abarren ikuskizun itzelen ondoan, apenas ohartu nintzen bere presentziaz. Mitomaniaren bultzadaz makina bat aldiz ikusten nuen filma garai hartan, Dylan edo Youngen emanaldietara salto egiteko tentazioari ezin eutsirik. Aspertu nintzen, noski, eta urte batzuk pasatu behar izan ziren filma berriz ikusteko gogoa sentitu nuen arte. Van Morrisonen imintzioak, baita Dylanen jarrera ere, hanpatu xamarrak iruditu zitzaizkidan orduan, eta Joniren emanaldi finak aho bete hortz, liluratuta utzi ninduen. Harrezkeroztik, bera azaltzen den unea iruditzen zait film osoko altxor handiena.

Donostian, Marc Riboten kontzertutik atera berri naiz, eta taldean aritzen den Mary Halvorson gitarra jotzaileak fisikoki Judee Sill gogorarazten diola esan dit lagun batek. 70eko hamarkadaren bukaeran gaindosi batek eraman zuen Judee, egun geroz eta preziatuagoak diren bi disko zoragarri utzi ondoren. Mary Halvorson,Marcen itzalean, bolumen baxuz aritu da kontzertu osoan, bere maisutasun zorrotzaren izpitxo bakan batzuk baino ezin erakutsirik. Oraindik, gizonezkoak dira arretaren jabe nagusiak eta moda eta polemika gehienen protagonistak. Urteak pasatu ahala, ordea, itzalean emakumeek egindako musika da sarritan ederrena eta askeena iruditzen zaiguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.