Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Iban

2015eko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Adostasuneko keinuz eta konplizitatezko irribarre txiki batez irakurri ditut azken igandean Miren Narbaiza eta Igor Susaetaren zutabeak. Bai, musikazaleok denbora gehiegi galtzen dugula eztabaida teknologiko/filosofikoetan eta aurreiritzi ugariri eusten diogula oraindik. Baina, sofistikazio tekniko eta sailkatze obsesibo guztien gainetik, musika eta musikariak gure barne emozioekin konektatzeko bideak aurkitzeko gai dira beti. Tira, itxuraz behintzat, konturatzen hasi garelakoan, garai bateko hardcorearen gotorlekuetan (gaztetxeak, alegia) pop eta elektronikaren aire freskoa sartzen utzi dugu. Zama historikoak atzean utzi eta aro berri bati ekiteko prest gaude ba.

Arratsalde berberean ikusi dudan Iban Urizar Amorante-ren kontzertuak, ordea, hankaz gora jarri ditu aurrekoan esandako guztiak. Agertokian Amorante, gitarra, tronpeta eta tramankulu elektroniko zenbatezinez eta irudimen eta ausardia mugagabeaz baliatzen da, bera bakarrik. Nahiko eta sobera, milaka disko entzunalditan eraiki dugun egitura historiko laukitua putz eginez suntsitzeko. Gaztelaniaz zein euskaraz, XIX. mendeko testuak, bertsolarien hitzak, txaloak, oihuak eta bat-bateko grabaketen loop erritmikoak armiarma sare baten moduan zabaldu dira musika aretoan. Lekutik ezin mugiturik, nota bakoitza entzun, gozatu eta une batzuetan sufritzera behartu nau. Denboraren eta espazioaren zentzua galdu dut, musika, eta ez Amoranteren musika, musika zentzu orokorrean baizik, nire bizitzan estreinako aldiz entzungo banu bezala sentitu naiz. Kitzikatuta, kikilduta, hunkituta eta deseroso ere bai.

Iparragirreren Zugana Manuela kantuan inspiratuta eta autotune-z moldatu duen doinu liluragarriak ederki laburbiltzen du Amoranteren filosofia eta estetika txundigarria. Baina beste une bat aipatu nahiko nuke bereziki: Amorantek inguruko umeei gerturatzeko eskatu eta haiek, musika bitxi horretaz erakarrita, lotsarik gabe bere aurrean gozatzeko prest eseri direnekoa. Hainbat guraso atzealdean zebiltzan, baso lasaigarria eskuetan, ohiko jardun axolagabe zinikoan. Segi atzera eta ez utzi umeak aurreiritziz kutsatzen mesedez…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.