Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Amir

2015eko irailaren 13a
00:00
Entzun
Illinoisko herrixka batean hazi zen Amir ElSaffar, jazz doinu eta erritmo klasikoen artean. Bere gurasoek musika hura zuten gustuko, eta Irakeko jaioterrian utzitako oinazeak ahaztu ahal izateko lagungarri zitzaien gainera. Amirrek musika harekiko maitasuna eta jotzeko ahalmen nabarmena erakutsi zuen txikitatik, eta 2001ean tronpeta jotzaile lehiaketa batean garaile atera zen. Bere sustraiak ezagutu nahian, irabazitako diru guztia ikerketan erabiltzea erabaki zuen, eta momentu hartatik aurrera arabiera hitz egitera, abestiak kantatzera, santur instrumentua jotzera eta Irakeko maqam musika estiloa menperatzera ailegatu da. Baina jazzarekiko grina ez du ahaztu Amirrek, eta, horri esker hain zuzen, maqama, jazza eta Mendebalde eta Ekialdeko musika kontzeptuak uztartzen dituen musika sortzeari ekin dio, Crisis bere azkeneko diskoak ederki adierazten duen moduan.

Antzeko ildotik aritu izan da Khyam Allami. Iraken jaio zen, eta bederatzi urte zituela Londresera ailegatu, etorkin gisa. Punk taldeetan aritu da han, eta 2003tik bere arabiar sustraietan sakondu du. Horietatik elikatu den musikari aparta da Allami. Londrestik Kairora, Istanbulera, eta orain Beirutera, etengabeko ikasketa eta elkarlan prozesuan murgildu da. Horren ondorioz iritsi zaigu Alif bere taldearen Anyama Ratma disko zoragarria. Psikodelia, rocka, arabiar egitura eta doinuak, eta, besteak beste, Palestinako Fatima Abdulhadite-ren poesia feminista uztartzen dituen lan liluragarria. Maurice Loucak eta, besteak beste, Islam Chipsy kairotarrek jorratzen duten electrochaabi frenetikoak aho bete hortz utzi ditu Mendebaldeko hainbat kritikari.

Sarritan, Ekialdeko doinuak klixe exotiko moduan barneratu dira mendebaldeko doinuetan, azken hauen nagusitasuna inoiz eztabaidatu gabe. Aipatutako artista horiek, bi mundu horiek maila berean parekatuz, hirerarkiak baztertu dituzte, eta, bide batez, benetako abangoardia diren soinu miragarriak sortu. Arrotzarekiko aurreiritziz, ezjakintasunez, paternalismoz eta mespretxuz betetako garai ilun hauetarako argi izpi inspiragarria direla esango nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.