Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Liturgia

2016ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Musikari buruz idaztea, arkitekturari buruz dantza egitea bezala da». «Musikaren inguruko kritika, txotxez eraikitako Eiffel dorre bat bezain gauza zorrotza eta, azken batetan, hutsala eta alferrikakoa da». Frank Zapparena da lehen esaldia, bigarrenaren jatorri zehatza ez dut gogoratzen, egia esan. Edozein eratara, ezin hobeto adierazten dute biek musikaren inguruko literatura sortzearen zailtasuna, edo agian, ezintasuna. Aldi berean, ezinezkotasun horri aurre egin nahiez, topikoz topiko eraiki izan ditugun hareazko gazteluak zein hauskorrak eta baliogabeak izan daitezkeen erakusten digute.

1960-1970eko hamarkadako rock estatubatuarraren erromantizismo askatzailea edo 70-80ko Ingalaterrako punk, post-punk eta new wave-aren freskotasun ziztagarriari buruzko testu zoragarriak idatzi ziren garai hartan. Testuinguru zehatz eta mugatu haien barneko hartu-emanak, bilakaerak, interpretazio eta narratibak bikainki adierazi zituzten hainbat kazetari mitikoek. Baina, tira, 40 urte pasatu dira dagoeneko, eta Stone Rosesen single berriari, Springsteenen kontzertuari edo urrutirago joan gabe, Belakoren disko berriari buruzko artikuluetan ohiko «rock sutsu», «pop argitsu», «elektronika dantzagarri» eta «a, b eta c taldeak gogorarazten ditu» liturgiarekin topo egingo dudala pentsatzeak izugarrizko nagia eragiten dit.

Egun bakoitzean Interneteko kosmos infinitura milaka abesti igotzen direnean, abesti horietako asko pertsona bakarrak bere etxetik sortu eta grabatu dituenean eta artista bat laptop baten pantailari begira kontzertu oso bat emateko gai den garai honetan, nola da posible 1980ko gizartearen ikuspegitik idazten jarraitu nahi izatea? Are gehiago, edozein musikariren biografia eta diskografia guztia Wikipedian eskuragarri dugunean, zein balio dute artikulu entziklopediko hutsek? Ezerezean disolbatuta, pixkanako suizidio batera garamatza jarrera horrek. Egungo kazetariak bere dantzaz astindu eta bere izerdi, malko eta fluidoz zikindu behar ditu bere kronikak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.