Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Mamuak

2016ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Gauza bat edo bestea dela, azkenaldian 90eko hamarkadako istorioekin topo egiten dut etengabe. Batzuetan, elkarrizketatzen ditudan pertsonak dira garai hartako kontakizunekin datozenak; beste batzuetan, orduko kontuez diharduten eztabaidetara gonbidatu naute, eta izan dira, hasieran zerikusi zuzenik izan gabe, zorioneko hamarkadak ezusteko protagonismoa hartu dueneko beste hitzaldi batzuk ere.

Besteak beste, Cancer Moon-en musika misteriotsuaz, Lisabo eta Dut-en eragin bortitzaz, Donostiako Buenavistako taldeez eta Mogambo aretoak antolatzen zituen kontzertu txundigarriez eta oro har entzuleen eta musikarien arteko komunitate sentsazioaz aritu izan gara, eta, nostalgiaz ez bada ere, mirespen pittin bat mitifikatzaileaz jardun gara denok. Agian kasualitatea da; agian nire ingurukoak dira aro hartaz hitz egitera jotzen dutenak, edo agian neu naiz gaia aipatu eta horretaz hitz egitera bultzatzen dituena. Dena dela, mamu baten moduan jarraitzen didate urte haiek. Mamu atsegina eta dibertigarria bai, baina mamua, azken batean, eta obsesio kaltegarri bihurtzeko mehatxua. Beraz, hainbeste buelta eman ondoren, gainetik kendu eta mamua behingoz pikutara bidaltzeko gogoz nabil gaur.

Wooden Shjips taldearen ondoren, Donostiako Dabadaban diskoak jartzen ari naiz orain. Stereolab moduko aspaldiko kuttunekin hasi naizen arren, gerora Nidia Minaj, Golden Teacher eta Gaika-ren dantza erritmo hipnotiko eta baxu ultrasakonekin inoiz ez bezala hasi naiz gozatzen; aretoko arduradunekin Danny Brown eta beste hainbat hip-hop artista gazteen doinu miragarriez eta Paraleloan ekimenak antolatzen dituen club saioez bero-beroan ari garela, lokalak bere bi urteko historian 600 zuzeneko emanaldi antolatu dituela jabetu naiz, aniztasun, ausardia eta kalitate gorenaz, gainera. Eta orduan 90eko gazteon buru estutasunak eta gorputz zurruntasunak ere gogoratu ditut, eta irribarre pittin bat maltzurrez agur esan diet mamuei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.