Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Jaki

2017ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 22an, 78 urte zituela, zendu zen Jaki Liebezeit. Can taldeko bateria jotzaile moduan azken urteetan aitorpen geroz eta zabalagoa jaso duen arren, ez da, ezta gutxiago ere, berriki joan zaizkigun beste hainbat pop izar bezain ezaguna gure artean. Baina agian talde haren doinuen eta jarreraren eragina beste izar haiena baino biziagoa eta sakonagoa da egungo musikarien artean.

Can 1960ko hamarkadaren bukaerako Alemanian sortu zen. Bigarren Mundu Gerra bizi izan zuen belaunaldiak aztarna sakon eta mingarriak gordetzen zituen oraindik. Gehiengoak sarraski ikaragarri haren laztura eta lotsa ohe azpian gorde eta beste alde batera begiratu nahi zuen. Eta ahalegin horretan, AEBetatik zetozen zinema, musika, estetika eta etika erabat kontsumistak zabalki besarkatu zituzten, kontsumo eta hazkuntza ekonomiko etengabearen plazeboan beren atsekabea itotzeko asmoz.

Itxurazko pozaren eta aurrerapen ekonomikoaren azpian, erabat anestesiatutako gizarte hura, amerikar militarrek ekarritako rock-and-rollaren imitazio antzuak baino ekoizteko gai ez zela zirudien. Gurasoek kozinatutako ahi nazkagarri horren aurkako erreakzio moduan sortu ziren Can eta beste hainbat talde. Amerikar kutsuko erritmo eta doinuak ahaztuz, eta aldi berean tresna berberez baliatuz, musika hizkuntza berri bat eraiki nahi izan zuten:zirraragarria, askea, malgua, eta batez ere berea. Inbidia eta harridura estaltzen zituen ironiaz, Krautrock izena eman zioten britainiar medioek. Stockhausenen abangoardia, erritmo tribalak,dadaisten lotsagabekeria eta protoelektronika nahasten zituen musika zoragarri hark ez zuen etiketarik ametitzen ordea. Anarkia demokratiko baten modura funtzionatuz, musikari bakoitzak bere erara ulertu eta molda zezakeen bere ekarpena. Etengabe mutatzen ari den izaki soniko baten moduan, Can-en edozein disko entzutea esperientzia berria suertatzen da gaur ere. Muinean, Jakiren danbor hotsa, itxuraz monotono eta errepikakorra, kaleidoskopio koloretsu infinitu baten moduan aldatzen baita. Jaki gai zen beste inork entzuten ezzituen erritmoak aditzeko. Bereak, egiazkoak eta ez beste inorenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.