Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Mikrotonuak

2017ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Bera. Ertz festibala. 2006ko irailak 16, Phill Niblockek, bere bizkar zabala gugana duela eta ordenagailuaren pantailari so, bertatik ikaragarrizko bolumenera anplifikatuta darion tonu erraldoi, itxuraz aldaezin batean murgilarazi gaitu ia ordubetez.

Ahituta, txundituta, lehertuta, galduta eta, aldi berean, estasian sentitu naiz amaieran; 73 urteko agure hark nire bizitzako esperientzia soniko harrigarriena eskaini berri zidala, ezin erabat ulertu, eta hausnartu ezinik.

Epifaniazko une ahaztezin hartatik hainbat gauza ikasi ditut, bai Phill Niblocki buruz eta baita berari esker ere. 1950eko hamarkadatik etengabe aritu da lanean soinu eta irudiaren arteko dialogoaren, talkaren eta uztarketaren ikerketan. Horren fruitu, hamaika film eta disko plazaratu ditu, musika eta irudiak beti bananduta eraikiz, inoiz ez bata bestearen menpe, eta soilik erabat bukatuta daudenean elkartu eta haien arteko erresonantziak eraginez. Haietako askotan, bere eguneroko jardueran dabilen jendea azaltzen da, eta soinuak etengabeko tonu monokorde errepikakor bera dirudi. Baina ez da hala, Phillek eraikitako drone monolitiko horien azpian, tonu nagusi bat eta haren frekuentzia bariazio ttikietan edo mikrotonuetan oinarritutako geruzak sartzen ditu eta mikrotonu ezberdinak aldi berean entzutean haien arteko erreakzio sonoroak eta tonu berriak sortzen dira. Oinarrizko tonua eragin duen instrumentuaren eta aretoaren ezaugarri akustikoen arabera tonu berri hauek erabat ezberdinak izan daitezke. Gauza bera pasatzen da irudietako jarduerekin. Mikrokosmos aberats, aldakor, mugagabeak bihurtzen dira orduan Phillen emanaldi guztiak eta amaitzerakoan bost minutuz edo bost orduz luzatu diren ez dago esaterik.

11 urteren ondoren, eta jada 84 urte dituela, gure artean izango da Phil berriz ere Bilboko Azkuna Zentroan, ekainaren 24an. Berako kultur etxeko pareten artean geratu zen tonu hura berreskuratu eta berriz martxan jartzeko unea iritsi zaigu bioi. Zer dira ba 11 urte? Unibertsoaren mikrotonu bariazio ñimiño bat baino ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.