Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

'Abbatoir Blues'

2017ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Ikaragarrizko penaz galdu behar izan nuen Jaco, Zozobra eta Futuro del Hierro taldeek Azkoitiko Matadeixen joan den larunbatean eman zuten kontzertua. Bartzelonako Magia Roja diskoetxe/plataformaren partaide dira hirurak. Zaratatsu, erronkari, bizi, bitxi eta aldi berean dotore. Erraietako odol eta fluxuez blaituta datorren musikak bakarrik eragin dezakeen harridura deserosoa eta plazer berritzailea iradokitzen dute hirurok. Bakoitzak bere erara. Zintzotasun gardenaz. Biharamunean, bere diskoen binilo edizioak eskatu ditut Magia Rojaren webgunean, etxeko intimotasunean nire pena goxatzeko asmoz. Baina, jakin, badakit Matadeixeren egoitzan jazo zen akelarrea ezin izango dudala inolaz ere errepikatu nire tokataren bozgorailuetara mugatuta.

Leku magikoa baita antzinako hiltegi eraberritu hura. Bertan akabatutako milaka animalien arimez edota beste ehunka akelarre sonikoren oihartzun urrunez sorgindua agian. Nork daki. Eraikin horren estetikak eta edozein eratako kontzertuetarako sorrarazten duen erresonantzia kaxak badu halako izaera esoteriko azalezina. Hala onartu izan didate bertatik pasatu izan diren hainbat musikarik. Katalunia, Asturias, Andaluzia eta baita Erresuma Batuko taldeek ere kontatu izan didate aldez aurretik Matadeixen joko zutela jakiteak eragiten zien zirrara berezia. Ibilbidea, ordea, trabaz beterik izan du —bai kanpotik, erakundeen ohiko miopiak eraginda, baita bertakoen nekea eta etsipenaren ondorioak ere—. Magia RojakoekBartzelonan kudeatzen duten Hangar espazioa bizirik mantentzeko crowdfunding kanpaina bat aurrera atera dute berriki, eta Matadeixe bera eta inguruko beste asko ere antzeko bideak geroz eta gehiago ari dira jorratzen.

Artikulu berean Euskal Herria eta Katalunia nahastean, egun, burujabetasunaz eta independentziaz aritzea ezinbestekoa dirudi, baina, egia esan , auzi politikoaren zarata mediatikoaren azpian ezkutatzen den nortasun kulturala babestu eta erein beharra da funtsa eta nire benetako kezka. Azkoitiko Matadeixe zaharra nortasun horren osagai ezinbestekoa dela esango nuke nik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.