Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Garbitzaileen musika

2015eko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Eliza hartako organoak sampler makina bat zirudien, edozein tekla ukitzean antzinako soinu bat azalarazteko gaitasuna edukiko balu bezala». Hitz horiek Aine O'Dwyer irlandar musikariari bere disko berriaren inguruan egindako elkarrizketa batekoak dira. Diskoaren izenburua, euskarara itzulita, Elizako garbitzaileentzako musika da, eta, ondo dioen bezala, eliza baten barnean garbitzaileak bere lana, eta bere zaratatxoak, egiten ari ziren bitartean dago grabatuta. Organoaren sonoritatea, espazio fisikoaz gain, une berezi bati lotzen zaio honela, modu bitxi eta iradokitzailean.

Diskoaren planteamendu berezi hori kasualitatearen fruitua da. Islingtoneko apaizak organoa jo ahal izateko eman zuen aukera bakarra larunbat arratsalderoko garbiketa ordua baitzen. Kasualitate horretaz ederki baliatu da Aine, ordea. Harpa jotzaile edo teklista moduan, aspalditik dabil espazioaren eta soinuaren arteko interakzioa arakatzen. Esperimentazio jardun horretan, antzina, usadioa, minimalismoa, trantze psikodelikoa eta arte garaikidea uztartzen dituen musika liluragarria sortzeko gai izan da, baita azken disko honetan ere.

Disko arrunta baino gehiago,ia esperientzia espirituala dela esango nuke. Organoaren teklek sortutako soinuak espazio fisikoaren barnean dauden garbitzaileentzat sortuak dira, eta, halaber, garbitzaileen jardunak eragiten ditu soinu horiek, Aine O'Dwyerren oroimenean eta irudimenean dauden soinuak azalaraziz, bere barneko teklak ukituko balitu bezala. Akzio-erreakzio joko horretan partaide bilakatzen gara gu ere soinu multzo osoaren grabaketa entzutean. Musikak gure teklak ukitzen baititu, barneko oroimenak piztuz eta irudimena kitzikatuz. Horixe da musikaren botererik harrigarriena, nire ustez, eta botere horri gure izate osoa menperatzen uztean datza musikaren gozamena.

Musikari buruz hitz egin eta idaztea zaila dela diogu. Gehienetan, alderaketa eta sailkapen zurrunen bidez musika menperatzen saiatzen gara. Agian, musikak geure burua menperatzen sarriago utzi beharko genuke, barnean ukitzen dizkigun teklen soinua deskribatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.