Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Entzun (sakonki)

2016ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Entzun egiten nuen, besterik gabe, eta soinu berri interesgarri bat aditzean, horixe idazten nuen». Honelako jakituria eta sinpletasun infinituz deskribatzen zuen Pauline Oliverosek musika konposatzeko jarraitzen zuen metodoa.

Joan den azaroaren 25ean, 84 urte zituela, alde egin zuen, 2016 madarikatu honek berarekin eraman dizkigun beste hainbat musikari handien antzera. Baina Paulinek, obra musikal erraldoiaz gain, soinua bere orokortasunean interpretatu eta aditzeko erreminta paregabeak eman zizkigun gainera. 1952an, 20 urte zituela, Texaseko jaioterria utzi eta Kalifornian soinu bidaia txundigarri bati hasiera eman zion Amerikar Avant-Garde korrontearen ahots ausartenetako bat bilakatuz. San Francisco Tape Music Center-aren sortzailea, zinta magnetikoen moldaketa, sintesi elektronikoa eta eremuko grabaketen erabileraren aitzindaria dugu Pauline. Baina agian, irakaskuntzan, eta bere homosexualitatea inoiz ezkutatu gabe, genero berdintasunaren eta mundu akademikoaren hierarkia eta elitismoa deuseztatzearen aldeko aktibismo sozialaren alorrean utzi zizkigun bere ikasbide miragarrienak.

Deep Listening (Entzute sakona) kontzeptuaren bitartez, inprobisazio musikala eta filosofia uztartu zituen, eta bide batez, hear (borondaterik gabe soinuak sentitzeko gaitasuna) eta listen-en (arreta osoz soinu bat entzutea) arteko ezberdintasunean oinarritu zuen bere lana. Musikari, entzule, instrumentu eta ingurunearen elkar arteko entzute sakon horrek sormen kolektiborako (musikala ez ezik, soziala eta politikoa ere) eskaintzen zuen baliabide harrigarriaren garapenean, hain zuzen ere. Era horretan, artea eta bizitza bat egin daitezkeela eta musika (edo oro har, soinu ordenatua) aldaketa sozialerako eta komunitate sendoen eraikuntzarako baliabide ezin hobea izan daitekeela erakutsi zigun.

1997an zera zioen: «XX. mendea indarkeriaren mendea izan zen; XXI. mendeak, aldiz, elkarrizketarena izan behar du, musikari eta entzuleen artekoa eta konposatzaile eta instrumentuen artekoa ere. Elkarrizketa sakona, behar duguna aurkitzen dugun arte». Entzun, arren, entzun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.