Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Kesh jendea

2017ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Urretxuko KU gaztetxea. Atanas Akerstra eta Alvaro Barriusoren kontzertua. Mirespen pittin bat, inbidiazko beste bat, ironia franko, ezjakintasun nabari eta paternalismo ugari nahasten dituen «a ze friki parea!» entzun dut sarreran. Ikusle moduan bertaratu garen lau katu arraroak sailkapen maila berean sartzen garela ere suposatu dut, ironia dezente eta inbidia izpirik ez duen irribarrez.

Dena dela, gaztetxearen barnean, bai Roge Atanasek baita Alvarok ere, gitarra eta ahots soilaz baliatuz, aho bete hortz utzi gaituzte bere ekitaldi bitxiekin. Rogek beste planeta bateko edo, agian, beste dimentsio bateko mezuak dakartzala dirudi oholtzaren gainera igo eta mikroarekiko distantziarekin etengabe jokatuz, aretoa, oihu, hasperen, orro eta onomatopeia erritmikoz betetzen duenean. Alvarok, bere aldetik, Ursula K Leguin poetak sortutako Kesh herrialdearen kontakizunak oinarritzat hartuz, surrealismo magikozko doinu liluragarriak oparitu dizkigu.Arrarotasunaren ospakizuna, bada.

Baina, zer da arraro izatea? Eta zer da normala? El Desvan del Macho taldeko Jose G. Izkuek zioenez, normaltasuna errepikapen etengabez ezarri eta ondorioz onartutako ohitura eta erritu jakinen bilduma baino ez da. Horrexegatik ere, deseraiki eta berreraikitzeko ahalmena dugu, eta ahalmen horrekin ederki jokatzen dute Rogek, Alvarok, Josek edota guztien maisu handia den David Lynchek (KUren paretetatik at, Twin Peaks-eko baso misteriotsuak zabaltzen zirela irudikatu nuen saioaren une askotan). Arrarotasunean barna egin ahal izateko, norberaren eremu erosotik ateratzeko ganora eta beldurra gainditzea da gakoa, baina oparia ederra da gero.

El Desvan disko berria ateratzera doa eta, ziurrenik, aurreko guztiak bezala, frikien zirkulu txikitik ez da aterako. Haren doinu eta hitz aldrebesez gozatzea bihotzez gomendatzen dizuet, baina, batik bat, honen edo beste inoren bitartez eta nahi duzuen moduan, barnean duzuen frikiari ateak noizbehinka irekitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.