Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Karikaturak

2016ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Abangoardia elektronikoaren eredu da Berlineko PAN diskoetxea eta nire kuttuna ere bai. Hala ez balitz eta aurreiritzien eraginez, agian ez nioke Kamixlo txiletar jatorriko DJ gaztetxoari inoiz jaramonik egingo eta are gutxiago, paleta moduko doinuaren erritmo kutsakorraz liluratuko. Paleta horren zirraragarri egiten duena reggaeton estiloko muin errepikakorra delako hain zuzen ere. Bai, reggaetona, hainbat eta hainbat zale zika birusak baino gehiago izutzen dituen estilo nazkagarri hori.

Reggaeton ezagunenaren jarrera ultrabortitz eta matxista arbuiagarriek bazterketa kulturala hauspotzen dutela onartzen dut. Antzeko gauza jazotzen da beste hainbat erritmo afrolatino dantzagarrirekin. Karikatura ugari dago, zoritxarrez. Eta gauza da era honetako erritmo eta elektronika esplosiboaren arteko nahasketan gaur egungo doinu aurrerakoi, apurtzaile eta kitzikagarrienetako asko ezkutatzen direla. Medellin, Lisboa edo Darfurreko aldiri zapalduenetako gazteak baliabide xumez eta irudimen estratosferikoz ikaragarrizko musika egiten ari dira. Principe Discoseko Nidia Minaj edo DJ Nigga-Fox-ek Cabo Verdeko kizomba eta batida erritmoz jositako bonba elektronikoz mundu guztia aho bete hortz uzten ari dira. Hegoafrikako Gqom bildumek Afrikako tribalismo funtsezkoena elektro-punk bilakatu dute. Venezuelako Arcaren elektronikak karibetar oparotasuna abstrakzio maila txundigarrietara eramaten du. Boliviar jatorriko Elysia Cramptonek azal kolore marroi eta sexu genero finkaezinetik mestizajea eta queer borroka uztartzen ditu cumbia kutsuko soinu collage ederretan. Eta ezin ahaztu Euskal Herrian bertan azaltzen hasi diren reggaeton talde edo elektrocumbia dj feministak.

Rock-pop eta techno dotore-ko primaverasound hipster mundu zaharkitu dirudun kontserbadoreari kontrajarritako aldiri txiroetako matxinada ikusten dute batzuek musika horretan. Karikatura sinple horren akats bera egiten dutela uste dut. Baina aldi berean, ikaragarrizko sormen indarra eta zirrara ditu musika horrek, eta erakunde eta zaleen begirune eta atentzio handiagoa merezi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.