Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Zulo beltza

2016ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Errepikatu bai, baina noiz arte? Zerbait gertatu arteĀ». Josetxo Anituarena da erantzuna, eta galdera 90eko hamarkadako elkarrizketa batean gustukoak zituen Spacemen 3 eta antzeko talde minimalista errepikakorren inguruan eginda dago.

Halakoxea zen Josetxo. Misteriotsua, bitxia eta inspiratzailea. Ikaragarrizko jakituria baitago erantzun minimalista horretan, musikaren egitura konplexuen ezagutza fina eta, aldi berean, bere ahalmen magikoaren onartze apala.

Apirilean, Josetxok euskal musikaren unibertsoan zulo beltz baten tamainako hutsune mingarri bat utzi zuenetik zortzi urte beteko dira. Tarte luze honetan ez dut une batez ere ahaztu haren musikak nigan izan duen eragin sakona, baina azken egunotan interneten bueltaka dabilen bideo batek nire oroimen guztiak leherketa baten moduan piztu ditu. Bideoa Cancer Moon-ek 1995ean Gwendolyne aretoan emandakozuzeneko saio baten grabaketa da, agian taldearen inguruan inoiz argitaratu den hoberena, eta noski, zale sutsua izanik, biziki, oso biziki, hunkitu nau ikusteak.

Ederki jotzen dute Jon Zamarripak eta talde osoak saio osoan zehar, abestien izaera hipnotiko/psikodelikoa maisuki iradokiz. Baina gaur ere, Josetxoren presentzia magnetikoa da nire atentzioa gehien deitzen duena. Haren figura ikusteak sorrarazten zuen dardara eta zirrara berriki sentitu dut nire barnean.

Egungo euskal musikan, kalitate handiko artistak izanda ere, nekez aurki dezaket oholtzaren gainean Josetxoren pareko aura duenik. Hutsune beltzak hor dirau. Are gehiago, Josetxoren obra guztia, bai Cancer Moon-en barruan bai kanpoan, oraindik erabat hausnartzeko gai ez garela izan esango nuke. Bereziki bere azken urteetan garatu zuen Josetxo Grieta alter ego zaratatsu eta esperimentala. Arakatzeko asko dago oraindik eta Josetxoren gustukoak ziren hainbat musikariren inguruko liburuak plazaratzen ikusten ditudanean, askotan pentsatzen dut: noizko Josetxori buruzko liburu bat? Inor animatzen da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.