Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Irabazi dugu

2014ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Nuestro grupo podría ser tu vida, Michael Azerradek 1981 eta 1991 amerikar undergroundindie-aren inguruan bildu duen kontakizuna uda gris honetako argi eta kolore izan da niretzako. Kartsu eta dotore, Azerraden hitz eta gogoetak inspirazio iturri bilakatu dira niretzako une askotan. Liburuaren sarreratik bertatik kitzikatu nau, egia esan. Bertan, Nirvanaren Nevermind 1991ko irailean plazaratu eta lau asteetako epean Michael Jackson gaindituz salmenta zerrenden lehen postura iritsi zela gogorarazten digu eta une horretan Gina Arnold musika kazetariak mirespenez botatako «Irabazi dugu» hura ere bai. Bai, baina nor da guk? eta noren aurka irabazi dugu?

Azerradek 13 talderen istorioa (Black Flag, Minutemen, Husker Du, Fugazi, Big Black…) kontatzen digu gu hori nor den azaltzeko eta batik bat gu horien jarrera zein izan zen ederki jakinarazteko. Puntu inozo bat eta dogmatismo pixka bat izan dezakeela ez dago ukatzerik, baina argumentu sakon eta landuak erakutsiz konbentzitzeko gai da gehienetan. Minutemen eta Fugazi moduko taldeek industriari muzin eginez eta duintasunean eta konpromiso etikoan oinarrituz askatasun estetiko osoz landu eta zabaldu zuten bere musika (Euskal Herrian ondo dakigun bezala). Mike Watten hitzetan, gakoa asmoen tamainan datza, maila txikiko kontzertu, aldizkari eta diskoetxeak eratuz lortu baitzuten bere helburuak betetzea eta buruaren jabe eta zoriontsu sentitzea.

Nirvanaren garaipena ez da milioika disko eta kamiseta saltzea edota grunge jantziak modan jartzea. Nirvanaren garaipena «bestearen» gainbehera da. Industria diskografiko erraldoiaren porrota. Nirvanaren ondoren ez da inoiz bere jarrera eta jatorriko talderik salmenta zerrenden buruan egongo. Ezinezkoa da, ordutik batak eta besteak mundu bananduak bilakatu dira. Eta hor datza liburu miragarri honen indarra eta gaurkotasuna. 1991n bezalaxe, gaur ere autokudeaketa, hurbiltasuna eta askatasun artistikoa da bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.