Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Rock-and-roll

2015eko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Estrategias sobrenaturales para montar un grupo de rock izenburu xelebrearen atzean aspaldian irakurri dudan saiakera interesgarrienetako bat ezkutatzen da. Bertan, Ian Svenonius musikari eta aktibista beteranoak jakituria eta umorez betetako ikuspegi kritiko zorrotzez analizatzen du rock-and-rollaren historia. Ateratzen dituen ondorioak eztabaidagarriak dira noski, eta ez dago egia absolutu moduan hartu beharrik ere, baina gutxienez zutabe honen laguntzaz hausnarketa une txiki bat eragitea nahi nuke.

Rock-and-roll musikak berak baino gehiago, AEBetako gobernutik eta hainbat mediotatik historian zehar eman zaion tratamendua da Ian kezkatzen duena. Doinu herrikoien erritmo dantzagarria eta kale-banda gazteen lotsagabekeria nahasten zituen musika hark gazteengan zuen eraginari esker, haien pentsaera nahi bezala moldatzeko erreminta boteretsua bilakatu zen agintarien eskuetan. Ondorio beldurgarri horrek rock musikaren ohiko irudi iraultzaile eta askatzailearekin erabateko talka egin eta guztiz orokortu ezin den arren, ederki argudiatzen du Svenoniusek bere teoria.

Laburrean esateko, Elvis, Beatles eta Stonesen arrakastaz geroztik rock-and-rolla gizonezkoen taldeetan oinarritu zen, emakumeak ikusle pasibo izatera baztertuta. 1960ko hamarkadan musikari asko militar ohiak ziren eta bertan ikasitako diziplina eta drogazaletasuna ezarri zuten beren taldeetan. Gaztetasun eta jai giro betierekoaren agintzaz, sistema kapitalistaren publizitate ezin hobea suertatzen zen, gainera, gerra hotzaren garaietan. Hitz batetan, statu quo patriarkal kapitalistaren sustatzaile bikaina izan da sarritan gure rock-and-roll maitea.

Rolling Stones edo AC/DCren makrokontzertutarako sarrerak agortzen direnean, malenkonia puntu bat sumatzen dut hainbat adierazpenetan: «Haien pareko talde gazterik ez dago gaur», «gazteak ez dira rock kontzertuetara joaten». Tira, musika ederra egin zuten beren garaian, baina benetan nahi al dugu gaurko gazteek haiek ezarritako modelo matxista eta kontserbadoreari eustea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.