Oso ondo gogoratzen dut 2003ko otsailaren 20a eta Egunkaria-ren itxiera; Euskadi Irratia zuzenean ematen ari zen zer gertatzen ari zen, eta nik eskola nuela aprobetxatu nuen ikasleekin horretaz hitz egiteko. Irrati aparatuari pega-pega geunden guztiok, eta saioa grabatu nuen etorkizunean erabiliko nuela jakinda. Mina bihotzean... Gero etorri ziren Egunero, eta, nola ez, BERRIA.
Hogei urte bete ditu BERRIAk dagoeneko. Eta urteurren honen ospakizunaren barruan, Aldi hau kontatzeko podcasta ekoitzi dute. Ane Fernandezen gidaritzapean, eta Olatz Artola eta Lara Madinabeitia arlo teknikoan, zortzi ataletan, entzuleok euskarazko egunkariaren barrukoak miatu ahal ditugu protagonisten hitzetan, baita Kanpo begirada ezagutu ere.
Ekainaren 21ean argitaratu da podcasta, eta esango nuke urtebetetze oparia izan zela bertako kazetari feminista batentzat ere, horrek egunkariaren urteak bikoiztu arren. Bere hitzekin hasten baita Izan zirelako gara izenburuko atala, feminismoari dedikatua. Izan ere, BERRIA eredugarria da kazetaritza feminista egiten eta, nire kasuan bezala, irakasten saiatzen garenontzat. Ez da ibilbide erraza izan, protagonisten hitzetan esanda; baina bada atzerapausorik ez duen apustua: Emakunde saritik harago, hilketa matxisten mapa, haurdunaldia etetea erabaki zutenen testigantzak, ustezko ustearen erabileraren kontrako iraultza, indarkeria matxista, Alardea... Onintza Enbeita, Saioa Alkaiza eta Maddi Ane Txoperenaren bertsoek ilustratuta.
Atal bakoitzaren egitura eta iraupena berezkoa da; esaterako, Euskal Herria egunero sortzeko atalean, zenbait pertsonak BERRIAk islatzen duen euskal naziotasuna dute hizpide; eta mahai inguru batean euskal egunkariak sortu zuen komunitatearekin dituen loturak; egindako ibilbidea eta etorkizuneko erronkak Herri ekimenez sortua izenekoan... Bitxikeriak, berriz, Hiztripuak eta kontakatiluak atalean ditugu, erredakzioaren ibilbide batean lortutakoak, adibidez, Ordizian arkumeak zer preziotan zeuden jakiteko deitu ez zuenekoa..., eta, noski, kazetaritza-ikerlan baten ondoren, erantzun zitzaionean...
Eta atal guztiak entzun beharrekoak badira ere, goraipatu nahi dut Irene Arraratsen elkarrizketa Guk hizkuntza eta hizkuntzak gu izenburukoan. Eta bai, ados nago, BERRIAren estilo liburua ezinbestekoa zaigu euskaraz idazten dugun guztioi, eta bereziki betaurreko moreak janzteko.