Filgi Claverie. Kultur militantea

«Eguneroko lan praktikoari esker kenduko dizkiogu harriak mugako harresiari»

Kultura akuilatzeko politiken aldeko politikariekin jardun du betitik Filgi Claveriek, politikaria izan gabe nahiago izan baitu gizartean aritu, tai gabeko zubigintzan. Erretreta hartu berritan, gibeltasunez aritu da elkarteen eta instituzioen elkarlanaz.

BOB EDME.
Ainize Madariaga
Angelu
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Filgi Claveriek (Miarritze, Lapurdi, 1959) harriaren dantza asma zezakeen. Bizi guzian ibili baita mugaren harresitik harriak kentzen, zubiak eraikitzeko. Kultura kultibatzeko lan tresnak bilatzen kultua da: bide instituzionaletik nola herri mugimendutik. Biarritz Cultureren sorreran parte hartu du, bai Dantzaz eta Elirale dantza konpainietan ere, Hiri Elkargoko kultura zerbitzuan... Baztertu gabe elkartegintzan egin ekarpena. Erretreta hartu berri du.

Miarritzek nekez sortzen zuen euskaldunik.

Aitatxiren aitatxi gaskoia zen. Aitaren amaren aldetik, berriz, miarriztar sutsuak ziren: oroitzen ziren amatxi sardina saltzaileaz.

Foch karrikan dagoen Euskal emaztea eskulturak omentzen du zure arbasoa.

Arras maite dut; umila da.

Mikel Asurmendik 2008an Argia aldizkarian egin zizun elkarrizketan aipatzen duzun «bigarren Miarritze ezezagun» horretakoa zara.

Amaren aita nafarra zen: Mitxelena. Amaren ama, berriz, zuberotarra, Maule gainekoa. Beraz, miarriztar familia umila eta arrunta ginen, beste asko bezala, emigrazio ekonomikoaren ondorio. Etxean ez zen euskal girorik. Aitatxi eta amatxi euskaldunak ziren, baina hain gaztigatuak izan ziren, ez baitzioten gure amari erakutsi. Hizkuntza eten zen.

Zuk heldu diozu hari muturrari.

Oroitzen naiz aitatxik larunbatero behatu beharra zuela Aita [Piarres] Lafitteren predikua euskaraz, 11:55ean. Isildu behar ginen. Euskararekin lehen aldiz harremanetan sartu nintzen. Bigarrena, Ikas pedagogia zentroan Manex Goienetxerekin egin nuen topaketan, kolegioko lan baten karietara. Markatu ninduen.

Zeure burua euskalduntzeraino.

Bai, hortik laster Baionako Euskal gogoa kultur elkarte abertzalean sartu nintzen. Emeki-emeki militantea bilakatu naizen arte. Lizeotarren sindikatua muntatu genuen, lehen Enbata mugimenduarekiko kritiko baikinen. Ezkerreko ekosistema bat zen. Hortik laster, herri taldeak antolatu ziren. Miarritzen MAT alderdi politikoa sortu genuen, anaiaren eta bertze batzuen artean.

Kulturan zara ezaguna, ordea.

Gaztetan aritu nintzen politikan.

Kultura ere ez dea politikoa?

Kultura ez da politika, baina arrunt politikoa da. Politikari drogatua naiz, baina arras kritikoa. Egunero 15-20 egunkari leitzen ditut. Kataluniakoa biziki hurbiletik jarraitzen dut. Erreferendumaren egunean han egon nintzen, adibidez.

Ez zenuena kolperik bildu?

Ez, beharrik. Han gertatzen denak espantatzen nau. ANC eta Omnium Culturalek, emeki-emeki, ederki sustraitu dute independentismoa. Hori da enetzat irakasgai politikorik ederrena.

Gauza bera nahiko zenukea Euskal Herriarentzat?

Abertzalea bai, baina ez dakit independentista naizenik; euskal estaturik nahi ote dudan. Han landu dute, haiei esker ene sentimendua lantzen ari naiz. Eskualdeen Europa ongi ikus nezake; alta, ez nekike jakin nola kausi.

Zein da zure helburu politikoa?

Euskara eta euskal kulturarekin eraikiko dugu Euskal Herria; ekintzen bihotzean behar dute. Lan tresnak eraiki behar ditugu; independentzia da haietako bat.

Gizarte laguntzailea zara ikasketaz; ari izan zarea nehoiz?

Bai, Ipar Euskal Herri osoan aritu nintzen hiruzpalau urtez, eta sei hilabetez Oloroen [Biarno], baina dimisioa aurkeztu nuen, Raymond Dieste auzapezarekin ez bainintzen batere ados. Jakes Abeberri jin zitzaidan, Ipar Euskal Herriko lehen axuanta abertzalea bilakatu berritan, Miarritzen. Galdetu zidan nahi nuenetz Kultura Zerbitzua sortu.

Zer sare partekatu zenuten?

Pizkundean elkarrekin ginen [Iparraldeko kultur elkarteak biltzen zituen federazioa]; Haritxelar lehendakaria zen, Abeberri idazkaria eta Claude Harluxet diruzaina. Gazteekin zubia egiteko hartu ninduten bulegoan. Garai hartan, Hazparneko Eihartzea elkartearen izenean parte hartu nuen; baziren ere Oztibarren Haizeberri, Zuberoan Uhaitza... kultur mugimendua zabala eta dinamikoa zen.

Abeberrik lana eskaini zidalarik, hiru minutu eman zidan erantzuteko! Berehala onartu nuen.

Biarritz Balleta sortu zenuten.

Hamar urtez egon nintzen Miarritzeko herriko etxeko kultur zerbitzua zuzentzen, eta, horren barnean, Biarritz Ballet sortzen asko lagundu nuen. Baina bertze gauza batera pasatzeko tenorea jin zitzaidan, urik gabeko limoi bat bezala gelditu bainintzen; dena emanik. Hala, proposatu zidaten Biarritz Balletentzat mugaz gaindiko lanetan aritzea. Horrela sortu genuen Ballet Biarritz Junior Donostian. Alta, Malandin taldearekin ez nintzenez ados jarri, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin Dantzaz konpainia sortu genuen, ibilmolde propioarekin. Hegoaldean fruituak ekarriko zituen zerbait nahi nuen.

Maitaldia festibala zuzendu duzu luzaz. Nolako esperientzia izan da?

Hamar urtez egon nintzen zuzendari gisa, sortu eta berehala. Teknikariak ginen, eta erabakiak guk hartzen ez bagenituen ere, oso oso garrantzitsua izan da politikariekiko lotura. Funtsean, dantzari dedikatua den festibala nik nuen prestatu eta zuzendu, baina erabakia Abeberrik zuen hartu.

Herriko kontseiluak deuseztatu du Biarritz Culture, 30 urteren ondotik. Nola daramazu?

Penagarria zait erakunde bakar bati ematea kultur zerbitzuaren kudeaketa, monopolio guziak kaltegarriak baitira. Alta, hiri nagusi guziek badute beren kultur zerbitzu potentea. Ez dut uste bide hoberena hartu dutenik. Botere publikoak kultura aniztasuna eta alternatibak ditu landu behar. Alta, uste dut dirua aurrezteko dutela erabakia hartu, eta ez da helburu eraikitzailea, Miarritzek behar baitu kultura dinamika bat. Milady hondartzako ateliera ere desagertzen bada, kultur bizia pobretuko du.

Abertzaleak Miarritzeko herriko etxean egoteak zer ekarri du?

Bi gauza. Batetik, zinezko kultura politika bat ekarri du; ez bakarrik hedapenerako, sortzaileak baitira sustut sostengatu behar. Izan ere, Borotra eta abertzaleak sartu zirelarik ez baitzen kulturarako aurrekonturik. Bestetik, euskarari begira lan ikaragarria egin da, ezin da gibelerat egin. Ongi ikusten dugu orain, abertzaleak oposizioan diren honetan.

Elkarte frankotan ibili zara militantzian. Arrokan hasi zinen?

Doi bat lagundu nuen, baina aitzin hasi nintzen. 14 urterekin sartu bainintzen gazteentzako MJC kultur etxean, euskara kurtsoak ematen baitzituzten. Ekologiarekin hor nintzen ere iniziatu.

Euskara baita biodibertsitatearen parte, ez dea hala?

Bistan dena, logikoa zen. Borroka antinuklearrean parte hartu nuen. Lemoizko [Bizkaia] manifa erraldoi hartan nik nuen hitzaldia eman Iparraldearen izenean, 17 bat urtetan, 300.000 lagunen aitzinean! Ze ikara! Zenbat emozio!

Hazparneko Eihartzea elkartea nola sortu zen?

Zurkaitza kultur elkartean sartu nintzen; Ameztoi, Partarrieu, Urruti eta Hegirekin batera. Herriko etxetik lortu genuen egoitza, zazpi bat elkarterendako. Denen arteko elkartetik sortu genuen Eihartzea. Diruzaina nintzen. Garain abiatu ziren Oztibarreko Haizeberri elkartea, Zuberoan Uhaitza, zeinaren diruzaina ere izan bainintzen... Funtsean, ene ibilbide profesionala beti lotua izan da elkarte militantziari. Oso garrantzitsua izan zait, zeren eta asko lan egin baitut goi mailako lan publikoan; beraz, behar nuen bizitza errealarekin juntatu, pragmatismoa atxiki. Izan ere, erakunde publikoetako mundua berezia baita.

Zertan da berezia?

Zure burbuilan egon zaitezke politikariekin batera. Muga ez da beti biziki argia teknikarien eta politikarien artean; beti ari zara lanean, igandeetan ere. bai. Oroitzen naiz behin bi asteko oporretara joan nintzelarik astean behin jausten nintzela herrira Biarritz Cultureko lankideei deitu eta jakiteko dena ongi zihoanetz. Behin, ordea, erran zidaten Mexikoko opera ez zela jinen. Hor ibili nintzen txanponak etengabean irensten zituen kabina hartatik Mexikorekin negoziatzen!

Elirale konpainia abiatzen lagundu zenuen.

Gure sukaldean sortu zen, duela kasik hogei urte!

Dantzak tirriatu zaitu errotik; nondik duzu zaletasuna?

Gazte denboran Xeliztarrak taldean aritu nintzen; tradizionalista nintzen orduan. Gustua hartu nion. Biarritz Culturen sartzean, ordea, mundu ikaragarria deskubritu nuen, baina ikusle gisa; Abeberriren bidez, oso dantzazalea baita. Mundu horrek ezustean harrapatu ninduen. Alta, lehenago antzerkia nahiago nuen.

Luhusoko [Lapurdi] Harri Xuri proiektuan ere parte hartu zenuen; euskarazko karrikako arteen eta antzerkiaren fabrikan.

Karrikako artea eta antzerkia gaizki kontsideratuak dira. Gure lanaren esentzia izan da karrikako antzerkia; asko garatu da azken urteotan. Edonorengana heltzen den arte bat da. Anitz ez baitira sekula antzoki batean sartu, ustez kode faltan. Karrikako antzerkiak muga guziak kentzen ditu, edozein tokitan eman baitezakezu. Hori da egin behar den kultura politika: artea publikoarengana hurbiltzea.

Errazu: nola eraiki zen EKE?

Orduan bazen Euskal Herriko zentro kulturala izeneko egitura kasik publikoa; elkarteez gain, erakunde publikoak ere barne baitzeuden. Pizkundearen eta Henri Grenet orduko Baionako auzapezaren arteko borroka luzearen ondotik sortu zen Euskal Kultur Erakundea [EKE]. Izan ere, ez baitzen diru laguntzarik euskal kulturarentzat. Dominique Burukoa izendatu zutelarik zentro kulturaleko zuzendari, Pizkundea ez zen gehiago administrazio kontseiluko bilkuretarat agertu, euskal kultura baztertzen baitzuen. Hala, bi urtez egona zen batere bilkurarik egin gabe. Orduan, jin berria zen prefetak inkesta bat abiatu zuen arazoa konpontzeko. Hark eman zuen aterabidea: euskal kultura kudeatzeko erakunde propioa sortzea. Hala sortu zen EKE, 1990ean. Egia da erabakia politikoa izan zela, Barne Ministerioak ere dirua ezarri baitzuen! IKren atentatuen erdian sortu baitzen EKE; uste dut kultura hartu zutela erantzun bat eman eta giroaren apalarazteko. Diruzaina izan nintzen.

Zer diozu EKEren ibilbideaz?

Garaiak aldatu dira, eta uste dut lan ildo batzuk utzi egin beharko lituzkeela. Botere publikoei dagokie elkarteak diruztatzea. EKEk aholkulari lana egin beharko luke orain. Hori bai, mantendu behar dena da administrazio kontseiluak berdin segitzea: mahaiaren inguruan elkarteak eta erakundeak bil daitezela. EKE lehena izan zen horretan.

Euskal Hiri Elkargoa sortu zen...

Kultur zerbitzua sortu eta zuzendari gisa aritu naiz 2017tik orain arte, erretreta hartu arte. Bete-betean aritu nintzen; izugarriko esperientzia izan da: dena zegoen egiteko. Erakutsi behar zen badela kultura bat. Bruno Karrererekiko lankidetza bikaina izan da. Eskumenak idaztetik hasi ginen, zeinak aho batez bozkatu baitzituzten. Oinarri juridikoa eginik, orain erabaki behar da zer egin.

Funtzionario eta kultur eragile, osagarriak direa?

Ez naiz egundaino funtzionarioa izan, ene askatasuna atxiki nahi izan baitut betitik. Anitz maite badut ere politikariekin aritzea, badakit halako batean aldatu nahiko dudala arloz. Beti lan kontratu mugatuekin ari izan naiz.

Seaskako lehendakaria ere izan zinen.

Bai, bi urtez. Kostatik Alozeraino [Zuberoa] bazabiltza, izugarriko giza esperientzia ederra izan zen. Garrantzitsua zen enetzat, ezin bainintzen Seaskako guraso izan deus eman gabe.

Elixabete Garmendiak dio zubi lana egiten duzula beti.

Iparraldean badugu Hegoaldean ez den kultur lan tresna andana: zentro dramatikoak, koreografoak, herri antzokia... Dantza zen bereziki garatua ez zena. Hala, lan tresna horiek eraikitzeko moldeak lekuz aldatu nahi nituen. Leiho tipia bada ere, muga hori ken dezakegu lan tresna tipiei esker. Ongi da ideologia teorizatzea, baina eguneroko lan praktikoari esker kenduko dizkiogu harriak mugako harresiari. Praktika da inportanteena enetzat; lan tresnak. Asko ditugu, demagun komunikazioan.

Preseski, kolaborazio franko egin duzu, EITBn, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin.

Iparraldea zer den erakusteko xedez egin dut, anekdoten bidez. Pragmatismoa behar da.

Etxepare Institutua barnetik ezagutzen duzu.

Administrazio kontseiluko bulegoko kide izan naiz, Dantzaz konpainian zuzendari nintzela. Euskarari lotua denez, lortu du legez Iparraldeko sortzaileak laguntzea; eta euskal sorkuntzak munduan zehar erakustea. Harri txiki bat kendu diogu mugako harresiari; guti da, baina oso praktikoa.

GKEan hizkuntza gutxituen alde aritu zinen Bruselan.

Pizkundearen izenean joan ginen. Europako hizkuntza gutxituen hitzarmena idaztea lortu genuen. Frantzia estutzea zen xedea, kultura baztertuen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.