Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Zaldi eroa

2014ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Chris Forsyth azken urteetako gitarra jotzaile eta musikari gazte interesgarrienetako bat dela deritzot. Solar Motel Band taldearen buru gisa, inprobisazioan oinarritutako blues, rock eta folk moldeko doinu luze eta zoragarriak lantzen ditu. Berak, gaitasun tekniko miragarriaz, Television-en zorroztasuna, Popol Vuh-ren espiritualtasuna eta Grateful Dead-en trantzea uztar ditzake doinu berean. Baina artista bikain hau goraipatzea ez da nire gaurko asmo bakarra. BOMB Magazine aldizkarirako elkarrizketa batean Neil Young-en inguruan esan duena da benetan niri atentzioa eman didana.

2012an ikusitako Crazy Horsen kontzertu baten kontakizuna eginez, esperientzia soniko sinestezina izan zela aipatzen du. Abesti batzuk ordu erdiko soinu bloke erraldoiak baino ez ziren, eta Neilek, medium baten moduan, entzuleengan eta beregan energia hura guztia etengabe isurtzen zuela sentitu zuen. Wolf Eyes moduko talde erradikal batena izan zitekeen zarata puru haren erritmora 20.000 pertsona burua astintzen eta gozatzen ikusteak surrealismo ukitu bat bazuela ere komentatzen du. Baina hori da musika handienaren benetako boterea eta ezaugarria: traszendentzia, eraldaketa eta erraiak eragiteko gaitasuna. Eta horretarako ez dago milimetrora neurtutako ikuskizunen beharrik, ausardiaz eta huts egiteko beldurrik gabe zintzoki azaltzea baizik.

Hala egiten du Neil Youngek, eta hala egiten du Bob Dylanek ere, bere erdi inprobisatutako hizkuntza musikal zaharberri amaigabe horretan geroz eta disko ederragoak eginez. Baita Leonard Cohenek ere bere azken abestietan. Eta hala egin zuen 81 urteko Phill Niblockek Ertz jaialdi batean nire bizitza osoko esperientzia soniko txundigarrienetako bat eskaini zidanean.

Hipsterrak gora, hipsterrak behera, modak, korronte berritzaileak, talde gazteak bilatu beharra beti zaharrak zakarrontzira bota ahal izateko... Aski da, kontsumismo hutsa baino ez da sarritan. Musikaren benetako funtzioa zein den ahaztu egiten dugu. Tarteka zahar jakintsuei ere entzun beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.