Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

2015erako

2015eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Iazko disko eta artista onenen zerrenda eta analisi guztietatik Wire aldizkarirako David Keenan eta Julian Cowley kazetariek idatzi duten testu bana dira benetako ikuspegi ziztagarria eman duten gutxienetakoak, nire ustez.

Lehenak dio underground-a (modu eta bide alternatibo ez-konbentzionalak baliatuta egiten den musika bezala ulertuta) hil dela. Underground-a ez da inoiz musika estilo bat izan, baina egun produktuak merkaturatzeko etiketa hutsala bihurtu da. Taldeek ez dute ezer apurtzeko edo eraldatzeko asmorik, eta kritikariak gustuko dituzten musiken bozgorailu baino ez dira. Zaleen mundu endogamiko asea eta aspergarria da. Benetako arte berria behar dugula dio, gustukoa ez izateko beldurrik ez duena; baita atseginak ez izateko beldurrik ez duten kritikariak ere. Etorkizuna ertzetan mugitzen diren ahots bakartietan baitago.

Bigarrenak dio estiloen izen berriak etengabe sortzeak horien arteko mugak disolbatu dituela. Horri esker, garai batean sailkapen finkoen tiraderetan ezkutatuta gelditu ziren hainbat eta hainbat artistaren lan miragarriak aurkitzen ari gara, aurreiritzirik gabe geroz eta sarriago berrargitaratzen diren bildumetan. Epaitzeko eta sailkatzeko beharra eragozten dugun neurrian esperientzia sensorial oso baterako prestatzen ditugu belarriak, eta modu berri batez eragiten gaitu musika zaharrak.

Beharrezkoak zaizkit beraien hitzak 2014ko diskoei buruz pentsatzen dudana azaltzeko. Ez dut disko historiko/klasiko borobil horietakorik ikusten. Actress, Dean Blunt, Scott Walker eta Grouper moduko bakarlarien lan irregular, deseroso eta zeharo liluragarrietan nabaritzen dut gaurko mundu nahasiaren benetako isla. Baina hitzak falta zaizkit edukia deskribatzeko eta balioztatzeko, eta horren zergatia azaltzeko. Kritikari eta kazetarion ohiko erremintek ez dute balio. Guk ere ertzetara jo behar dugu, hizkuntza berriak aurkitzeko beldurra galduz musika horien arimara gerturatu ahal izateko. Asko dugu ikasteko...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.