Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

(Ka)NON

2017ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Ambient musikaren mugarritzat dugun Music For Airports plazaratu zuen Brian Enok 1978an, eta 38 urte geroago, Chino Amobik Airport Music for Black Folk argitaratu zuen iaz, lehenaren izaera, kontzeptu eta edukiari erabateko buelta emanez. Hori gutxi balitz ere, NON diskoetxea ere martxan jarri du, eta aurtengo diskorik zirraragarri eta txundigarrienetako batez borobildu du bere lana: Paradiso.

Virginia estatuko Richmonden jaio eta hazitako afroamerikarra da Chino, eta eskolako motxiletan konfederatuen bandera eraman baina gurasoen esanei muzin eginez, hip-hop musika maite zuten eskolakide zurien artean hazi zen. Geroxeago, bere homosexualitateaz jabetu, eta queer teoria ezagutu eta besarkatu zuen. Jarrera horrek bere gainean ezarritako estigmari aurre eginez, diseinu grafikoko ikasketak amaitu, eta musika ekoizpen, banaketa eta kudeaketa ikasketak abian jartzeko gai izan da.

NON, AEBetako eta EBeko afrikar diasporako artistez osatutako kolektibo bat da. Soinua du bere erreminta nagusia, eta, horren bitartez, gure gizartean inposatutako binarismo mugatzaileari (sexuala, ekonomikoa, politikoa, soziala...) aurre egin nahi dio. Erabat brown eta queer; hots, nahasia, sailkaezina, erronkaria eta deserosoa den musika ekoiztea du helburu eta baliabide. Eta egitasmo hori hauspotzera dator Paradiso; egilearen barne eta inguruko kontraesan guztiak haragitzen dituen collage zaratatsu, oldarkor eta, aldi berean, koloretsu, eder eta liluragarriari esker.

NON kolektiboaren musika erabat garaikidea, teknologizatua eta futurista ere bada, zentzurik eraginkorrenean. Etorkizun marroi eta queer bat irudikatu, eta errealitate bihurtzeko erremintak maisuki erabiltzen baititu. Era honetako musika esperimental, abstraktu eta garrantzitsua gizonezko zurien gauza dela —Brian Enoren kasua— eta marroiena erritual erlijiosoetarako, dantzarako edo sexurako bakarrik balio duela sinetsarazi baitigute urte askotan, eta zorioneko kanon hori lehertzeko ordua iritsi da. Trumoi baten moduan iragartzen du Paradiso-k mezua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.