Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Eten(gabe)

2015eko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Gaur eta betiko euskal musikagileen artean, Ibon Rodriguez eta Unai de la Iglesiak osatzen duten Eten bikotea nire gustukoenetako bat da. Doinuen kalitatea, aniztasuna eta zorroztasuna miragarriak iruditzen zaizkidan arren, taldearen jarrera da erabat liluratzen nauena. Neuk musika bizi, ulertu eta gozatzeko dudan modura hobeto egokitzen den talderik ez dago agian gure herrialde ttiki baina oparo honetan. Rock instrumentazioaren indarraz baliatuz eta aldi berean ohiko rock pose guztien zurruntasun eta estutasunak deuseztatuz, mugarik gabeko musika jario zirraragarria eskaintzen dute. Eta jardun horrek entzuleenganako eta beste musikarienganako irekitzen dien komunikazio kanalaren jabe bakarrak dira. Hori da Etenen poztasunerako arrazoia eta berezko arrakasta.

Jon Urzelaik Badok atarirako egin berri dien elkarrizketan taldearen filosofian eta historian sakontzeko aukera paregabea duzue, bai aspaldiko zaleek baita orain ezagutu dituzuenok. Artikulu mamitsua da, eta bada komentatzeko moduko adierazpen franko, baina niri bereziki bat iruditu zait deigarria. Zera diote: «(…) azken hogei urteotan panorama gutxi aldatu dela uste dugu, beti joan da jende gutxi kontzertuetara… Ez diegu ezer egozten gazteei, ez badira etortzen zerbait hobea izango dutelako egiteko izango da... Gu ere gutxi batzuk ginen».

Bejondeiela! Bada garaia bai euskal baita oro har musikaren munduko mito batzuk deuseztatzeko. Orain dela hogei urteko kontuen inguruko malenkonia engainakorraz nazkatuta nago ni ere, eta are gehiago gazteen jarduera eta gustuen inguruko jakin-nahi eta eztabaida amaigabeaz. Adin kontuak alde batera utzi behingoz. Musikari eta zaleon artean batzuk gazte eta beste batzuk ez hain gazte izango gara. Jendarte txikia zen eta izaten jarraitzen du. Edo handia ere, geurea baita tamaina hori batera edo bestera balioztatzeko aukera. Garenok gara, eta bakoitzak bere erara, orain dela hogei urte musikak gugan eragin zuen eztanda haren oihartzuna betirako gorde eta hazi nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.