Auto kutsagarrien zirkulazioa mugatuko dute Bilbo erdialdean

Nerea Intxausti Castiñeira
2023ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak atzo onartu zuen etorkizuneko emisio gutxiko eremua arautuko duen ordenantza proiektua. Ibilgailu «kutsatzaileek eta oso kutsatzaileek mugatua» izango dute emisio gutxiko eremuan sartzea, zirkulatzea eta aparkatzea. Zehazki, 0, ECO edo C bereizgarriak ez dituzten autoak ezingo dira sartu, hau da, 2006ko urtarrila baino lehen matrikulatutako gasolinazkoak, eta 2015eko iraila baino lehenagoko dieselak. Orain hirian dabiltzan autoen erdiei eragingo die arauak.

Bilboko emisio gutxiko eremua hiriaren erdialdea izango da. Gube hori Sabino Arana kaleak, Autonomia kaleak eta itsasadarrak mugatuko dute. Proiektuan adostutakoak lanegunetan soilik izango du eragina, 07:00etatik 20:00etara. Hori bai, sarbide eta zirkulazio murrizketak pixkanaka aktibatuko dira, ordenantza indarrean sartzen denetik 2029. urtearen amaierara arte. Salbuespena izango dira egoiliarren ibilgailuak, larrialdietarako erabiltzen direnak eta oinarrizko zerbitzuetakoak, besteak beste.

Bilboko airearen kalitatea eta osasun publikoa hobetzea du helburu proiektuak, Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziaren esanetan, baita legezko betebeharrak konplitzea ere. Europako Batasunak osasun publikoa hobetzeko ezarritako gidalerroak betetzeko lehen pausoa da, baita Espainiako Gorteek 2021ean klima aldaketaren alorrean onartutako legea betetzeko ere. Arau horien arabera, 50.000 biztanletik gorako hiri guztiek hartu beharko dituzte neurriak «joan-etorrien ondoriozko emisioak» murrizteko, eta, beraz, emisio gutxiko eremuak ezarri beharko dituzte.

Ibilgailuen zirkulazioa da kutsadura iturri nagusia Bilbon, eta eragin zuzena du airearen kalitatean eta biztanleen ongizate akustikoan, besteak beste. Bilboko Udalaren esanetan, ordenantza diseinatzeko orduan hiriaren ezaugarriak kontuan hartzen dituen azterlan bat baliatu dute eredu gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.