GEURE KONTU

Udalak, krisietako pagaburuak

jokin sagarzazu
2020ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Udalek bankuetan duten dirua eskuratu nahi du Espainiako Gobernuak. Gozoki bat: 25.000 milioiko poltsa bat, eta beste 5.000 milioi urtean, Espainiako BPGaren %0,4 inguru. Horretarako, errege dekretu bat aurkeztu du; horren arabera, tokiko administrazioek Madrili mailegatu ahal dizkiete euren superabitak datozen hamar-hamabost urteetarako, eta, trukean, hark Europako laguntzen zati bat eta bankuek baino interes handiagoak emango dizkie, besteak beste.

Neurri horrek logika bati erantzuten dio: 2012ko PPren lege batek udalei ez die baimentzen defizita izatea eta, halaber, superabita erabiltzea, ez bada zorra txikitzeko. Alegia, ezin dutela aparteko diru hori erabili. Hortaz, zergatik ez berari utzi?

Horraino zentzuzkoa irudi dezake Pedro Sanchezen asmoak. Ariketa juridiko bihurri bat egin du funts horiek aktibatu ahal izateko. Baina balizko arrazionaltasun horrek talka egin du, beste behin, dinamika politikoekin. Soilik PSOEren udalak agertu dira alde. Besteek tokiko erakundeen autonomia aldarrikatu dute, baina interes eta helburu ezberdinekin egin dute hori.

PP eta haren ingurukoak —UPN, esaterako— gaia erabiltzen ari dira gobernua higatzeko. «Konfiskazioaz» mintzo dira, baina badakite Madrilek ez liekeela udalei kenduko beren baliabideen jabetza, arauak baitio dirua uztea borondatezkoa dela, eta, hala egitekotan, mailegatutakoa itzuli behar diela. Beraz, horrek ez luke arazo bat izan behar ez haientzat, ez beste inorentzat, baina bada.

Izan ere, Sanchezen egitasmoak indarrean mantentzen du Madrili udalen aurrekontuak kontrolatzea ahalbidetzen dio legea. Hori da, funtsean, eztabaidaren gakoa. Eta hor PPk eta enparauek ez dute sartu nahi. Haiek ez dute dirua utzi nahi, baina ez dute giltzarrapo hori ireki nahi ere.

Auzia ulertzeko, 2008ko krisira egin behar da atzera. Europaren esku hartzea saihesteko, korrika eta presaka eta bere agintaldiaren azken egunetan, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak (PSOE) aldatu egin zuen Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua, ezartzeko instituzioentzat zorraren ordainketak izan behar zuela lehentasuna beste edozein gasturen aurretik. Hurrengo urtean, PPko Cristobal Montoro ministroak forma eman zion printzipio horri, Aurrekontuen Egonkortasunerako Legearekin. Konstituzioan jasotakoa blindatu egin zuen, eta estatuari izugarrizko boterea eman zion: beste instituzio guztien aurrekontuen gaineko kontrol osoa. Berak erabakitzen du noiz eta zenbat zorpetu daitekeen erakunde bat, eta hori, egungo egoeran, funtsezkoa da.

PSOEk lege horren aurka bozkatu zuen, baina ez du indargabetzea aurreikusten, uste baitu Bruselan ez luketela ondo hartuko hori orain egitea. Gainera, arauak lotura zuzena du Konstituzioan esaten denarekin: aldatu egin beharko litzateke 135. artikulua, edo horrek dioena garatzeko beste lege bat egin, eta, gaur egun, oso ahulak dira parlamentuko gehiengoak. Hori dela eta, erdibideko proposamen baten gisa aurkeztu du bere egitasmoa Sanchezek, baina kontrako jarrerak ikusita, berrikusteko prest azaldu da azken egunotan.

Sozialisten gobernukide Unidas Podemosekoek hainbatetan eskatu diote udalek beren dirua erabili ahal izateko zirrikituren bat zabaltzeko. Orain ez gutxi, gainera, urrats bat egin zuten: alarma egoera luzatzeko azken-aurreko dekretua aurrera atera ahal izateko, gobernuko bi alderdiek EH Bildurekin adostu zuten Hego Euskal Herriko udalen zorpetzea ahalbidetzea, beste administrazio batzuekin gertatzen den bezala.

Hala gertatu da Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin: haiek biek Madrilekin adostu berri dute defizit muga handitzea. Horrez gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek ere defizita izateko eskubidea izatea lortu dute, «lehen aldiz historian». Beraz, legeak lege, argi dago borondate politiko kontua dela ate hori zabaltzea. Irudimen juridiko handia erakutsi du Sanchezek udalen dirua beretzat hartu ahal izateko. Gauza bera egin dezake haiek ez daitezen beste behin izan krisialdi honetako pagaburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.