BEROA ETA LANA

2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Zer esaten du legeak?
Batetik, Arrisku Prebentzioen legeak dioenez, enpresek langileen lan osasuna bermatzeko «behar diren neurri guztiak» hartu behar dituzte. Bestetik, lantokiei buruzko 486/1997 Errege Dekretuak ingurumen baldintzak zehazten ditu.

Zer baldintza ezartzen ditu?
Toki itxietan, lan sedentarioetan tenperatura 17 eta 27 gradu artekoa izango da. Lan arinetan, berriz, 14 eta 25 gradu artekoa. Hezetasun erlatiboak, berriz, %30 eta %70 artekoa izan beharko da, salbu eta elektrizitate estatikoko tokietan (bertan %50etik beherakoa, gehienez). Azkenik, haize-laster handiak eragotzi behar dira: giro ez-beroetan, 0,25 metro segundo gehienez; giro beroetan, 0,5 metro segundo; lan astun eta beroetan 0,75ekoa gehienez.

Eta kanpoaldeko lanetan?
1997ko araudiak ez du baldintza jakinik ezartzen. Aipatzen du, ordea, kanpoko lanetan edo «itxi ezin daitezkeen lantokietan» neurriak hartu beharko direla langileak «ahal den neurrian eguraldiaren zakartasunetik» babestu daitezen.

Zer da estres termikoa?
Teknikoki, estres termikoa langile batek jasaten duen karga termikoa da; inguruneko tenperaturaren eta hezetasunaren eta lanak eta arropak eragindako bero metabolikoaren emaitza da. Erdi mailako estres termikoak lan egitea zaildu dezake; estres termiko handia arriskutsua izan daiteke.

Zer garrantzi du lan zamak?
Zenbat eta lan karga handiagoa eta luzeagoa, orduan eta bero gehiago kontsumituko du gorputzak. Metabolismoaren erantzunaren arabera, lau lan mota daude: arina (bulegokoa); neurritsua (beso eta eskuak erabilita); astuna (gorputz osoa erabiltzea, gai pisutsuak hartu eta makineria astuna erabiltzea), eta oso astunak (intentsitate handiko lanak, mugimendu azkarrekoak, etengabe igo eta jaisteak...).

Zer beste faktorek eragiten dute?
Faktore pertsonalek. Adibidez, adinak: lan munduan, 55 urtetik gora, arrisku faktore da. Osasun arrazoiak: tentsio altua izatea edo obesitate arazoak. Medikamentu batzuk ere alda dezakete egarriaren sentsazioa, deshidratazioa eragin, gorputzaren termo erregulazioa zaildu, gorputzeko beroa igo... Alkohola edo droga hartzeak ere estres termikoari erantzuteko gaitasuna zailtzen diote gorputzari. Aklimatazioa ere aintzat hartu behar da: gorputzak 14 egun inguru behar ditu bero handiko egoerara egokitzeko.

Nola neurtzen dira deserosotasun eta estres termikoak?
Deserosotasun termikoa jakiteko, tenperatura, hezetasuna eta airearen abiadura neurtu behar dira. Araututakoaren gainetik badago edo, ez gaindituta ere, karga fisikoa handia bada, estres termiko arriskua neurtu behar da. Gida teknikoak berorako WBGT indizea gomendatzen du. Beroaren, arroparen, metabolismoaren erantzunaren, lan erritmoaren eta aklima-ta zioaren arabera, erreferentzia batzuk ematen ditu. Metodo sinplea da, eta, gainditu ezean, azterketa zorrotzago bat egitea eskatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.