Euskal Herriko errugbiak bere erreferenteetako bat galdu zuen atzo, Michel Zelaia Miarritzeko (Lapurdi) errugbi jokalari eta entrenatzaile mitikoa hil baitzen, 89 urte zituela. Zelaiak kirol ibilbide luze eta oparoa egin zuen 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, Miarritze taldean eta Frantziako selekzioan.
Euskal Herriko taldearekin ez zuen titulurik irabazi, baina arrasto sakona utzi zuen: lehenbizi, taldeko kapitain izan zen urte askoan; eta gero, jokalari gisa erretiroa hartzean, hamar urtez entrenatu zuen Lapurdiko taldea, hiru alditan banatuta: 1967tik 1972ra, 1976tik 1980ra eta 1988tik 1989ra.
Zelaiak Frantziako selekzioarekin eskuratu zituen lorpenik garrantzitsuenak. Bederatzi urtez aritu zen Frantziarekin, eta 50 partida jokatu zituen, eta hemezortzi puntu lortu. Hamabi aldiz izan zen kapitain, bigarren zein hirugarren lerroko jokalari gisa, eta haren lana erabakigarria izan zen Frantziak Bost Nazioen Torneoa bost aldiz irabaz zezan: 1954an, 1955ean, 1959an, 1960an eta 1961ean. Gerora, selekzioa entrenatu zuen hainbat biratan.
HILBERRIA. Michel Zelaia
Ikur baten agurra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu