SOSLAIA. Unai Laso

Zorigaitzak harrapatu du

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Aurki beteko dira bi urte Unai Laso (Bizkarreta-Gerendiain, Nafarroa, 1997) profesionaletara itzuli zenetik. Baikoko aurrelaria ikusgarri aritu zen lehen urtean. Txapelketa garrantzitsu guztietako finalak jokatu zituen erreskadan: sanferminetako lau eta erdikoarena, Lehen Mailako lau eta erdikoarena, binakakoarena eta buruz burukoarena. Bakarra irabazi zuen, baina garrantzitsuena: buruz burukoa. Zerua ukitu zuen, eta berehala jaso zuen saria: Baikok 2027ra arte berritu zion kontratua.

Ordutik, ordea, gozotik baino gehiago izan du gazitik. Kontratua berritu eta gutxira jokatu zuen bigarrenez sanferminetako lau eta erdikoaren finala. Galdu egin zuen, baina galdu ez ezik, min hartu zuen eskuin hankako koadrizepsean. Akabo sanferminak. Ia hiru aste egin zituen jokatu gabe.

Lehiara itzuli zen, eta txukun aritu zen. Baina irail hasieran, Ordizian (Gipuzkoa), ikusle batek lurrera botatako edariarekin irrist egin, eta min hartu zuen eskuin aldakan. Ia hilabete egon zen jokatu gabe. Larri iritsi zen lau eta erdiko nagusia jokatzera. Pattal aritu zen: ez zen sailkatu finalerdietarako.

Binakakoan ere gorabeheratsu aritu zen, baina garaiz suspertu zen, eta, horri esker, hark eta Ander Imazek bigarrenez jarraian jokatu zuten finala. Baina ezinean aritu ziren Aitor Elordiren eta Jose Javier Zabaletaren aurka.

Buruz burukoan ere ezin izan du gora egin. Lau eta erdikoan gertatu bezala, final-laurdenetako ligaxkan esan zuen agur. Elordik irabazi zion partida erabakigarrian.

Eta udari ekiteko zain zegoela, bi kolpe hartu ditu bost egun eskasean: lehenbizi, apendizea kendu zioten; eta, orain, hautsia du eskuin aldakako labrum hezurra. Aspalditik du min, eta horrek ez dio utzi bete-betean aritzen. Horregatik erabaki du ebakuntza egitea.

Baikok ez du zehaztu zenbat denbora beharko duen osatzeko, baina ia ezinezko du udan jokatzea. Haren enpresakide Iosu Eskirozek lesio bera izan zuen duela bi urte, eta ia sei hilabetez egon zen lesionatuta. Hala balitz, Lasok ez luke jokatuko lau eta erdikoa. Ebakuntza egin ostean argituko dute medikuek zenbat denbora beharko duen berriz jokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.