Athleticek eta Realak goiko postuei begira jarraitu nahi dute

Zuri-gorriek Real Madrilen zelaian jokatuko dute, eguerdian. Natalia Arroyoren taldeak Sporting Huelva hartuko du arratsaldean

Realeko jokalariak Logroñori sartutako goletako bat ospatzen. LA LIGA.
ainara arratibel gascon
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Egutegi trinkoa izan dute azken bi asteetan Athleticek eta Realak. Lau partida jokatu dituzte zuri-gorriek Espanyolen kontrako aurreko asteburukoa bertan behera geratu zen COVID-19agatik eta bost txuri-urdinek. Gaur izango dute partida maratoi horietako azkena. Athleticek Real Madrilen zelaian jokatuko du (12:00), eta Realak, Zubietan, Sporting Huelva hartuko du (Gol, 18:15). Gora begira jarraitu nahi dute bi taldeek.

Angel Villacamparen taldeak asteazkenean galdu zuen sasoiko lehen neurketa, Levanteren aurka: 0-2. Gaur, berriro ere emaitza bolada onari heldu nahi dio. Baina ez du nolanahiko aurkaria izango aurrean. Tacon taldea erosi, eta lehen denboraldia du maila gorenean Real Madrilek. Izarrez jositako taldea da. Tartean dago Maite Oroz zuri-gorrien jokalari ohia. «Ez da partida arrunta: jakitun gaude nolako eragina duen Real Madrilen kontra jokatzea», aitortu zuen atzo partida atariko agerraldian Villacampak. Baina bere taldean egin nahi izan zuen azpimarra: «Levanteren aurka ez genuen asmatu zuloak topatzen, ezta jokoa nahi bezala hegaletatik zabaltzen ere». Real Madrilek buruz buruko jokaldietan min handia egiten duela nabarmendu zuen. «Baina oraindik ez dago Lyon, Wolfsburg eta Bartzelonaren pare». Asteazkenean, adibidez, Granadillak 2-1 irabazi zion. Gaurko neurketari begira, Garazi eta Ane Azkona dira jokatu ezinda dauden jokalariak Athleticen.

Realak, berriz, garaipen garrantzitsua lortu zuen asteazkenean Logroñon: 0-2. Bertan ez zen egon Barbara Latorre. Baina osatu da, eta Elene Lete da gaurko partidarako deialditik kanpo geratu den jokalari bakarra. Sporting Huelva sailkapenaren behealdean dago. Puntu bakarra lortu du, eta entrenatzailea ere aldatu du. Baina puntu hori Atletico Madrilen aurka lortu berri du, eta Zubietan jokatu duen azken lau aldietan irabazi egin du. Natalia Arroyo Realeko entrenatzailea ez da fio. « Defentsan lan ona egiten du, eta partidako une erabakigarrietan ondo moldatzen da». Bere taldea ondo ikusten du: «Logroñoren aurka, taldeak izatea nahi dugun ezaugarrietako asko erakutsi zituen».

Eibarrek Bartzelonaren kontra jokatu behar zuen, baina, taldean izandako hiru COVID-19 kasuak tarteko, ostegunean Sevillaren kontra jokatu beharreko lehia bezala, atzeratu egin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.